Popel hitzak errautsa esan nahi du txekieraz. Askotarikoak izan daitezke, baita jatorri ugarikoak ere. Oier Plazak zuzendutako dokumentalean, Bigarren Mundu Gerrak utzitako 2.000 biktima baino gehiagoren errautsak dira protagonista. Frantsesak, espainolak, txekiarrak edota euskaldunak. Aztarna horien artean, lau herrialde horietako hamaika istorio kontatu daitezke. Bi bizipen pantailaratu ditu Plazak; Enric Monerrenak eta Anjel Lekuonarenak, hain zuzen.
Luzemetraiaren oinarrian, gurutzatutako bi bide daude. Hasteko, Unai Egia irakasleak zeharkatutakoa. El impostor eleberria irakurrita, Monerri zer gertatu zitzaion galdetu zion bere buruari. Izan ere, naziek kontzentrazio esparruetara deportatu zuten kataluniar errepublikarra. Jakin-mina argitzeko, ikertzeari ekin zion Egiak. Anton Gandarias aldi berean hasi zuen bere bidea, hots, bere osaba Anjel Lekuonaren inguruan arakatzeari. Gestapok atxilotu zuen bizkaitarra.
Bi bide horiek dokumentalean erakusteko, "ordenatzea" izan omen da garrantzitsuena, baita erronkarik "zailena" ere. Zuzendariaren arabera, euren lana antolatzea izan da, eta zenbait kasutan, ikertzen ere lagundu arren, gidoiari eta ikus-entzunezkoari forma ematen pasa dituzte ordu gehien. Testuaren ildotik, Plazak jakinarazi du "thrillerraren" kutsua eman nahi izan diotela, "lizentzia artistikoa" hartuta, ikerketaren jira-birez baliatzea.
Ikerketak ikerketa, Pragara ailegatu ziren bai Egia eta bai Gandarias, finean, František Suchý eta bere semearen historia harrigarria azaleratu zutelako. Ohartu ziren aita-semeek 2.000 biktima baino gehiagoren errautsak salbatu zituztela, haien artean, Moner eta Lekuonarenak, euren bizitza arriskuan ipiniz. Dagoeneko bi gizonak hilda dira. Alabaina, euren alarguna eta ama den Evak bizirik jarraitzen du, eta bera ezagutu zuteneko momentua erakusten da, dokumentalean. Bere aitaren anaia zenarekin akordatuta, hunkituta aitortu zuen Gandariasek bere osaba Anjelen gorpuzkinen gainean "lore sorta bat" ipintzeak asko pozten duela. Busturian, omenaldia egin zioten, eta garai hartan haren bi izeba oraindik bizirik zeuden. Anaiaren istorioak itxiera duina izan zuela ikusteko aukera izan zutela gaineratu zuen.
Hurrengo hitzordua
Euskal Dokumentalen Zikloa hasi baino ez da egin. Hurrengo ostiralean, Esto no es Hollywood dokumentala proiektatuko da, arratsaldeko 20:00tan. Sarrerek sei euro balio dute.