2026ko San Pedro Jaietako afixak aurkezteko epea zabaltzear dagoela jakinarazi du Jaietako zinegotzi Txus Alonsok, eta deialdi horren gaineko xehetasunak ezagutarazi ditu, prentsaurrean. Nabarmendu du "interes handia" pizten duela lehiaketan artisten eta diseinatzaileen artean. Hala, gogorarazi du zein den egitasmoaren xedea: herriko zaindariaren jaiak irudikatuko eta iragarriko dituen sormen lana aukeratzea.
Parte hartzeko, ordea, zenbat baldintza edo oinarri errespetatu behar izaten dituzte partaideek urtero; aurten, ordea, adi ibili beharko dute sortzaileek; zentzu horretan, zenbait berrikuntza zehaztu baititu udalak. Argitu dute interesa duen edonork parte hartu ahal izango duela (adin edo bizileku mugarik gabe), baina partaide bakoitzak gehienez hiru proposamen aurkeztu ahal izango ditu. Horiek, noski, originalak izan behar dute, eta aurretik saritu gabeak izan. Aurkezteko moduan ere bada aldaketarik aurten. orain arte digitalki edo aurrez aurrez helaraz zitzaketen arren, aurten digitalki baino ez dituzte jasoko. Sormen lanek JPG formatua izan behar dute, 50x70 zentimetroko neurria eta ondoko helbidera elektronikora bidali behar dira: jaiak@lasarte-oria.eus. Mezuan datu pertsonalak eta harremanetarako datuak erantsi behar direla ere ohartarazi du arduradun politikoak.
Horretaz guziaz gain, afixek agerian eraman beharko dute San Pedro Jaiak Lasarte-Oria 2026”leloa, eta genero-berdintasunerako irizpideak errespetatu beharko dituzte; hori bete ezean, lehiaketatik kanpo utziko dute.
Arestian esan bezala, kartelak aurkezteko lehen egina hilaren 23 izango da, astelehena, eta azkena, berriz, apirilaren 6a, astelehena.
Herritarren iritziak biltzeko parte hartze prozesua
Ohi bezala, herritarrek beren iritzia eman dezaten, kartel guztiak ikusgai jarriko dituzte udalaren webgunean. Prozesu horren garrantzia azpimarratu du Alonsok, eta honako adierazpen egin ditu: “Funtsezkoa iruditzen zaigu jendeak aktiboki parte hartu ahal izatea hautaketan. Kartela herriaren gustukoa izatea nahi dugu, hori izango baita gure irudia”.
Argitu du lanak sinadurarik gabe erakutsiko dituztela, izenburuaren arabera identifikatuta, eta, gaineratu, azken erabakia Lasarte-Oriako Udaleko Jai Batzordeak izendatutako epaimahaiak hartuko duela. Batzorde horrek "sormena eta gaiekiko egokitzapena" ebaluatuko ditu. Aurrerago jakinaraziko dute prozesu hori noiz aurrera eramango duten.
Agerraldia amaitzeko herritarrak gonbidatu ditu lehiaketan parte hartzera: “San Pedro jaiak gure nortasunaren isla dira, eta kartela horren funtsezko zatia da. Profesionalak eta zaleak gonbidatzen ditugu gure jaien historian beren arrastoa uztera”.