Aurten ere gurpil aulkiko Euskadiko Eslalom txapelketa Lasarte-Orian lehiatuko da

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 13a

Iazko eslalom txapelketan giro ederra egon zen kirol gunean.

Hilaren 15ean, Ostadar SKTko Inklusio sailak antolatuta gurpildun aulkiko Euskadiko Eslalom Txapelketa jokatuko da hirugarren urtez Michelin kirol gunean

Euskadin erreferentziazko ekitaldi inklusiboa izango da Lasarte-Oriako kirol gunean eta eslalom modalitateko Erkidego osoko kirolariak bilduko dira Michelinen.

Antolatzaileen arabera, txapelketaren bidez Ostadar Inklusioak kirol egokitua sustatu nahi du, baita inklusioa eta berdintasuna ardatz izango dituen kirol eredu bat bultzatu ere. "Ekimen honen helburua da kirola pertsona guztientzat eskuragarriagoa egitea, gaitasun funtzional desberdinak dituzten pertsonen parte-hartzea normalizatuz eta gizartean inklusioaren balioak indartuz," adierazi dute.

Inklusio taldeko kideek kirol modalitatearen nondik norakoak ere azaldu dituzte: "Eslalom-a gurpildun aulkian egiten den kirol modalitate tekniko eta dinamikoa da, zehaztasuna eta abiadura uztartzen dituena, eta gaitasun handiko trebetasuna eskatzen du".

Sarrerak doakoak izanik, antolatzaileek herritarrak gonbidatu dituzte kirol gunera, kirolariak animatzera.

Iazko txapelketako irudiak atxikia doan berrian.