Asunak talde feministaren jarduna berrartu dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 11

Asunak taldekoek 2024ko Martxoaren 8an egindako manifestazioa.

Denbora tarte batez ez-aktibo egon den eragilearen lanarekin jarraitzea erabaki dute herriko zenbait gazte feministak eta iragarri dute datorren asteko astelehenean egingo dutela asanblada irekia, Xirimiri elkartean, 19:30ean. Martxoaren 8ra begira ekimenak antolatzeko asmoz deitu dute bilera hori.

TXINTXARRI aldizkariarekin harremanetan jarri dira eragile feminista horretako kideak eta honako testua prestatu dute Asunak taldearen itzulera iragartzeko:

"2020. urtean sortu zen aSUnak; Lasarte-Oriako talde feminista. Besteak beste, herrian zegoen hutsuneari erantzun eta praktika feministak aurrera eramateko helburuarekin; bai talde barnera zein herriko hainbat esparruetara begira. Bada denbora ordea, talde honen izenean herriarentzat ekintzak antolatzeari utzi zitzaiola barne indar eta kanpo erantzun faltagatik.

Hori horrela, azkenaldiko faxismoaren oldarraldi nabarmenaren aurrean feminismoaren beharra ikusi dugularik, herriko gazte feminista batzuk egun seinalatuak antolatzeko batzen aritu gara azken hilabeteotan. Orain ordea, aurrerapausoak emateko garaia iritsi da; egoera ongi aztertu ostean, aSUnak taldearen jardunarekin jarraitzea erabaki dugu.   

Horregatik, gure jardunarekiko interesa duen eta herrigintzan parte hartzeko interesa izango lukeen feminista orori gurekin batzeko gonbita zabaldu nahi genioke, bai aSUnak taldera eta baita martxoak 8aren harira antolatuko diren asanblada feministetara ere. Izan ere, egun seinalatua ate joka dugun honetan, asanblada irekiak egitea pentsatu dugu, denon artean gauza indartsuagoak egin ditzakegulako.

Lehen asanblada irekia hilaren 16an (astelehena) izango da, arratsaldeko 19:30ean, Xirimiri elkartean. Hurrengo asanblada, ekintzak eta abar denon artean erabakiko ditugu. Egon adi gure sare sozialetara, bertan emango baitugu guztiaren berri.

Animatu zaitez gurekin saretzera!

aSUnak

Erlazionatuak