aSUnak talde feministak "barne lanketan zentratzea" erabaki du

Txintxarri Aldizkaria 2024ko urr. 14a, 15:55

aSUnak talde feministak ondorengo idatzia bidali du TXINTXARRI aldizkariaren erredakziora: 

Lasarte-Orian 2020. urtean gazteok praktika feministak aurrera eramateko helburuarekin sortutako taldea da aSUnak. Herrian zegoen hutsuneari erantzunez, urte hauetan hainbat ekintza eraman ditugu aurrera barnera zein kanpora begira: feminismoak zeharkatzen dituen gaien inguruko formakuntzak, Martxoak 8 edo Azaroak 25 egunetako manifestazioak, solasaldiak, aisialdiko eskaintzak… Ekintza horiek herriko kuadrilla zein adin ezberdinetako gazte feministak biltzeko eta saretzeko espazioa eskaini digute. 

Urtero bezala ikasturte hasierarekin batera ekin diogu lehenengo bilerak egiteari eta bertan azaleratu zen idatzi hau egiteko beharra. Izan ere, momentu honetan taldeak batez ere barne lanketan zentratzeko erabakia hartu du. Esan bezala, urte hauetan herrian feminismoarekin lotutako eragile erreferenteetako bat izan garenez, jakinarazi nahi genuen aurten ez garela taldearen izenean herrira begira ekintzak antolatzeko indarrarekin ikusten. Horregatik, dei egiten diegu gainerako herritar eta eragileei urtean zehar izaten diren egun seinalatuetako antolakuntzan parte hartzera. 

Hala ere, argi utzi nahi dugu taldea erabat irekita dagoela gurekin barne lanketan aritu nahi dutenentzat. Beraz, ostiraletan bi astetik behin egiten ditugun bileretan parte hartzeko gonbidapena zabalik duzue. 

Jarraitu dezagun herrian feminismotik eragiten!