Euripean egotetik itsaspean murgiltzera igaro ziren arratsaldeko zazpietarako kultur etxeko auditoriora bertaratu ziren dozenaka herritarrak. Batzuk aretora sartzen ari ziren bitartean harreran ilara egin zuten beste batzuek, gonbidapenak eskuratzeko irrikaz. Denak eseri zirenean, antolatzaile taldeko zenbait kide oholtza gainera igo eta ikusiko zutena aurkeztu zuten, Lasarte-Oriako Udalari zein Danok Kide elkarteari eskerrak ematearekin batera.
Aurtengo leloa Egia zure begien aurrean dela gogorarazi zuen Real Sociedad Fundazioko Urpekaritza taldeko kideetako bat den Lourdes Anzak. ""Esaldi polit bat baino gehiago da, itsaso azpian gertatzen denari begiratzeko gonbidapena da". Hori esanda, zentzumenak aktibatu eta uretatik iristen diren irudi, soinu eta emozioez gozatzera animatu zituen pareko ikus-entzuleak.
Ondoren, Danok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabali eman zion hitza eta honek jardueraren hastapenak gogoratu zituen. "2003-2004 ikasturteko esperientzia eskolara gonbidatu genuen Paco Pizarro ahaztezina, Donostiako Nazioarteko Jaialdiaren eta Real Sociedad Fundazioaren barruko Urpekaritza taldearen sortzailea, saio batzuk ematera. Esperientzia bikaina izan zen eta 20-30 bat pertsonak baino, jarduera herritar guztiei irekitzea erabaki genuen". Hori horrela, udalarekin jarri ziren harremanetan eta zikloa aurrera eramaten hasi ziren. Horretan "aitzindari" izan zen Lasarte-Oria, Cimasub Tour izeneko ibilbidean gaur-gaurkoz parte hartzen ari diren 30 udalerri baino gehiagoren artean lehenengoetarikoa. Aipamen berezia egin zien Urpekaritza taldekoei eta aldamenean zuenetako bati, duela hamar urtetik zuzendaria den David Sanchez herritarrari. Akordatu zen baita ere Nano Cordovilla, Jesus Castillo eta Jesus Insaustirekin. "Aipatu ditudan horiei guztiei, nire esker ona eta txalo bero bat".
Alga inbaditzaileak eta marrazoak
Mikrofonoa jaso berritan eta hizketan hasi aurretik Egizabal besarkatu zuen Sanchezek, berari zuzendutako hitz ederrengatik. "Gozamena da ziklo hau horrela aurkeztea, non eta nire herrian, etxean jokatzen dudan tokian". Aurtengo edizioaren xehetasun gehiago eman aurretik aitortza egin zion iaz hildako Jose Luis Navarro herritarrari; Danok Kide elkarteko kidea izan zen urte luzez eta zikloa herrira ekartzen hasi zirenetik ez zuen aldi bakar batean ere hutsik egin. Eskerrak eman zizkion horregatik.
Astelehenetako emanaldiez gain, atzo goizeko Txikizikloa eta gaur arratsaldean Atsobakar egoitzan egingo duten Adinzikloa nabarmendu zituen zuzendariak. "Den-denei itsaspea ezagutu eta itsasoa sentitzeko aukera eman nahi diegu". Hori esanda, zehaztu zuen aurtengo jaialdia "oso informatiboa" dela eta saioetara bertaratzen direnek gaur egun uretan gertatzen ari diren gauza askoren berri izango dutela, esate baterako, Rugulopteryx Okamurae izeneko alga inbaditzailea eragiten ari den arazoez. "Gogora ezazue ongi izen hau, Espainiako hondartza ugaritara iritsi da jada eta are gehiago hedatuko da datozen urteetan". Datorren asteko emanaldian proiektatuko dute horri buruzko ikus-entzunezko bat. "Merezi du, benetan diotsuet".
Parean zituenei galdetu zien ea buzeatzaileak diren ala ez, eta, batzuek eskuak altxatu ostean, ea ariketa hori marrazo artean egin ote duten inoiz. Ikus-entzule bakarrak mantendu zuen besoa goratuta. Errepikatuko ote luke esperientzia hori? Berak, buruarekin, baietz. Atzokoari nahiz datozen asteko emanaldiei buruzko spoiler handiegirik egin gabe, aurreratu zien azken saioan (urrezkoan) marrazoei buruzko lan bat programatu dutela: Shark Preyed. Comemos carne de tiburón sin saberlo izena du. Animalia horren garrantzia nabarmentzearekin batera, gizakiongandik pairatzen ari den "etengabeko sarraskia" deitoratu zuen: "Izugarrizko amorrua ematen dit horrek, gure ekosistemarentzako funtsezkoak direlako eta, gainera, ez direlako zientzia-fikziozko filmetan erakutsi diguten animalia gizakijaleak. Beste izakiren batekin nahasten bagaituzte koska egingo digute, baina ez gure haragia irentsi nahi dutelako; ez zaie gustatzen".