Jarraian aletuko ditugun gainerako paseak toki eta ordu berean egingo dituzte (hilaren 22ko Akelarre: marearen kontra-rena salbu; 19:30ean hasiko da) eta tiketek salneurri berbera izango dute. Hitzordu denetara gonbidatuko dituzte egileak eta aretora bertaratzen direnek beraiekin hitz egiteko aukera izango dute.
Esan bezala, Popel ikus-entzunezkoak irekiko du zikloa. Nazismoaren garaian Euskal Herritik deportatu zituzten pertsonen bizitzari buruz ikertzen hasiko diren bi pertsonaren (Anton Gandarias eta Unai Eguia) bideak lotu ditu Plazak eta baita istorio harrigarri gehiago kontatu ere. Astebete geroago Esteban, Javi eta Josemi Ibarretxe anaien zinema unibertsoaren berri izango dute ikus-entzuleek, azken horren alaba Jone Ibarretxeren eta Nere Falaganen eskutik. Esto no es Hollywood lana ondu dute.
Hilaren 20an Sakana eskualdeko tortura kasuei buruzko Arg(h)itzen lana ekarriko dute eta bi egun geroago, berriz, musika taldearen izen bera duen eta bere historiari buruzkoa den Akelarre: marearen kontra dokumentala proiektatuko dute.
Zikloa itxiko dute laburmetraien egunarekin, 27an. Lau emakumek zuzendutako beste hainbeste lan emango dituzte: Cara de bicicleta (Amaia Nerekan, Itziar Zorita); Locas del ático (Tamara Garcia); Le prime volte (Giulia Cosentino, Perla Sardella); eta Habana industrial (Ainhoa Ordoñez).
40. urteurrena
Gipuzkoako zinema elkarterik zaharrenetarikoa da Lasarte-Oriako Okendo Zinema Taldea. Tedoso zinemaren itxieraren ostean, 1986. urtean sortu zuten zinemarekiko grina handia zuten lagun talde bateko zenbait kidek: Jose Carlos Carrascok, Edu Galardik, Juli Ollokiegik, Juanpa Navarrok eta Imanol Uribek, besteak beste. Urte hauetan guztietan etenaldi eta gorabeherak izanagatik, gaurdainoko bidea urratu du zinema taldeak. Lantaldeko kideak ere aldatu dira baina hasierako grina berberarekin jarraitzen dute Euskal Dokumentalen Zikloaren gisako jarduerak antolatzen.