Horien ostean, Zabaletako auzokideek auzoko baserrietan barrena ibili ziren oles egin eta kantuan. Earra bertso eskolako bi bertsolarik ere parte hartu zuten saioan, baita trikiti jotzaile batek ere. Pepenea baserria bisitatu, Sollanera jeitsi eta Larren geldialdia egin ostean, Ariman egin zuten azken geldialdia. Eta indarrak berreskuratzeko, barrikotearekin amaitu zuten hitzordua.
Xumela eta Erketz EDT
18:00ak aLdera abiatu ziren Xumelako lagunak. Brigitarren komentuan egin zuten lehen geldialdia. Ordurako zain zituzten bertan bizi diren mojak. Horiek ere makilak eskuan agertu ziren, eta koruko kideekin batera, animatu ziren koplak kantatu eta lurra kolpatzera. Txustularien laguntza izan zuten horiek guztiek eta Joxe Krutz Labaka aritu zen bertsotan.
Ordu erdi beranduago ekin zioten hitzorduari Erkertz EDTko kideek. Lokaletik abiatu, eta Santxo tabernan lehen kantaldia eginda, Jalgin harrapatu zituen TXINTXARRI-ko kazetariak. Horiek ere, gainerako herritarren gisan, abestuz egin zuten euren bidea Urnieta Bideko Buenavista sagardotegira iritsi bitartean. Ohiturari jarraiki bertan egin zuten Santa Ageda bezperako erronda osteko mokadua.