Urteroko ohiturari jarraiki, baserritar jantzita agertu dira erdigunean, eta egurrezko makilak eskuetan hartuta. Gogoz kolpatu dituzte horiek lurraren kontra; esna dadin egin dute zarata. Hala, eztarriz sano daudela erakutsi dute; aski ezagunak diren kopla eta kantuak abestu dizkiete eurak ikustera bildu diren senide eta lagunei, baita bidean gurutzatu dituzten bestelako herritarrei ere. Herrian barrena hara eta hona ibili ostean, eguerdian itzuli dira ikastetxera. Landaberri ikastolako Zubietako eraikinekoek eta Sasoeta-Zumaburukoek aldiz, bazkalostean ospatuko dute Santa Agenda bezpera
Arratsaldean, herriko eragileak
Ikasleen saioen ostean, herriko eragileen txanda izango da. Zabaletako auzotarrak Basotxo plazatik abiatuko dira 17:00etan, eta Erketz EDTkoak, aldiz, 18:00etan euren lokaletik. Xumela koruko, Earra! eskolako eta txistularien taldeko kideek, ordu berean abiatuko dira, erdigunetik.
Honako hau da egitaraua:
- 17:00etan, Basotxo plazatik abiatuko dira Zabaletako auzotarrak. Pare bat orduz santa eskean aritu ostean afari-merienda egingo dute auzo elkartearen egoitzan: barrikotea. Bitartean, koplaka ariko dira Earra! bertso eskolako ikasle pare bat.
- 18:00etan, Sagardotegi kalean batuko dira Xumela koruko, Earra! eskolako eta herriko txistularien taldeko kideek. Erdigunean barrena ibiliko dira.
- 18:00etan, Oriamendi plazako lokalean elkartuko dira Erketz EDTko lagunak eta, zenbait tabernatan makilak astindu eta koplak abestu ostean, Urnieta bideko baserrietarantz joango dira. Buenavista sagardotegian afalduko dute.