ESKUALDEA

Txapelketa erraldoi eta berezi batekin ospatu dute San Bosko eguna

Txintxarri Aldizkaria 2026ko otsailaren 3a

San Bosko eguna izan zen joan den larunbata, urtarrilak 31; Lanbide Heziketaren eguna, alegia. Zubieta zentroko ikasle eta irakasleek bezperan ospatu zuten, jardueraz betetako programa aurrera eramanda. "Ekitaldi borobila" izan zela adierazi dute: "Zubieta Lanbide Eskolako komunitatea elkartu zen beste behin, formakuntza mota horren balioa eta eskolaren 50. urteurrena elkarrekin ospatzeko".

Txapelketa erraldoi berezi horri ekin aurretik ekipoka bildu ziren ikasleak eta bakoitzak bere zikloarekin lotura zuen izen eta logo propioak eratu zituzten, hala nola Termoeroak edota Txirbilak. Horrez gain, barne antolaketa egin zuten: probetarako ordezkariak izendatu eta partaideak banatu zituzten. 08:30ean ekin zieten aurreneko ekimenei: xake edota sudoku txapelketak, slackline proba, argazkien bidezko altxorraren bilaketa (sei gairen gaineko irudiak atera zituzten eskola inguruan eta muntaiak aurkeztu zituzten gero) eta herri kirolak. Eguraldi onak lagunduta giro ederrean burutu zituzten jarduera horiek guztiak.

10:00etan hasi ziren talo, patata tortilla eta futbito konpetizioak. Aurreneko bietan sukaldaritza trebetasun aipagarria erakutsi zuten parte hartzaileek eta zentroko kideez gain jende gehiagok parte hartu zuen. Eta hirugarrenean dinamismoa zein ikusgarritasuna izan ziren kirol osagaiak. 

Arestian aipatutako proben finalak eguerdiko hamabietatik aurrera jokatu zituzten. Azken xake neurketek ikusmin izugarria sortu zuten eta aipatzekoak izan zen baita ere herri kiroletako txanpa erabakigarria. 

Ospakizunak, "izaera berezia"

Zubieta Lanbide Eskola eratu zutenetik 50 urte bete diren honetan, joan den ostiraleko ospakizunaren "izaera berezia" nabarmendu dute parte hartzaileek, urtemuga horrek "are balio handiagoa" eman diolako egindakoari.

Horri lotuta, egun "borobila" izan zela azpimarratu dute, "auzolanean" antolatutakoa: "Langileen, ikasleen, jubilatuen eta gainerako parte hartzaileen inplikazioa eta konpromisoa funtsezkoak izan ziren".