Ixiar Rozasekin solastu dira irakurle txokoko kideak

Txintxarri Aldizkaria 2024ko aza. 20a, 14:30

Ixiar Rozas idazle lasarteoriatarra gonbidatuko dute hil honetako saiora Irakurle Txokoak. Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Nazioarteko Egunaren harira antolatutako egitarauaren barruko ekimena izan da, eta 'Zirriborroak eta gero' sormen lan kolektiboa izan dute hizpide

Ohi bezala, zirkuluan kokatutako aulkietan eserita aurrera eraman dute hil honetako solasaldia irakurle txokoko kideek. Parte hartzaile bakoitzak bere lekua hartuta, gonbidatuaren aurkezpena egin du Aintzane Usandizaga taldeko gidariak; Ixiar Rozas izan da oraingoan protagonista. 

Berak hartu du hitza gero, eta Zirriborroak eta gero sormen proiektuaren xehetasunak eman dizkie bertaratu direnei. Kontatu die "proiektu kolektiboa" izan dela, eta horiek izan ohi duten izaera "konplexua" duela. 

2018. urtean abiatu zuten lana, Arantxa Mendiharat-ek Rozasi egindako proposamenaren harira: "Garai hartan, Arabako Azala-ko [kreazioa espazioa] kide nintzen Idoia Zabaletarekin batera, eta Arantxa Mendiharat etorri zitzaigun proiektu honekin. Lagun minak gara, eta adiskidetasun sakon horretatik aurrera eraman genuen lan hau, baina, baita Azala espazioak zuen desira batetik ere: Arabako lurraldean errotzeko nahia". 

Lehen urratsa, "mapeoa"

Proposamena jasotan, lanean hasi eta lehen urratsa zein izan zen kontatu du; Araban lanean ari ziren alternatiba guztien zerrenda egin zuten. Ostean, hori abiapuntu hartuta, diru iturriak lortu, eta idazleak gonbidatu zituzten alternatiba horietatik guztietatik bat hautatu eta hori etorkizunean proiektatzera. Mandatu hori oinarri hartuta sortu du idazle bakoitzak bere fabula; hamar izan dira orotara. 

Katixa Agirre izan zen lehen fabula sortzeko enkargua jaso zuen lehen idaztea; Gasteizko Errekaleor auzoaren gaineko kontakizun espekulatiboa sortu zuen. Bere atzetik etorri ziren, gero, gainerako bederatziak. Hauek izan dira parte hartu duten idazleak: Iban Zaldua, Danele Sarriugarte, Karmele Jaio, Belen Gopegui, Harkaitz Cano (bera izan zen Gipuzkoako alternatibaz idatzi zuen lehena), Patxi Zubizarreta, Uxue Alberdi, Lucia Baskaran, Gabriela Damian Miravete. 

Prototipo izatea xede

Solasaldiak aurrera egin ahala, proiektuaren helburuetako bat zein zen azaldu du: "Lanak munduko edozein lekutan prototipo bat bezala funtzionatzeko aukera izatea nahi genuen. Edozein lekutan erreplikatu, kopiatu, biderkatzeko sortua eta pentsatua izan zen". 

Irakurle txokoko partaide batek egindako galderari erantzunez, azaldu du baita ere hasierako asmoa ez zela liburua argitaratzea; hori sormen prozesuak gerora ekarri duen emaitzetako bat izan dela: "Guk dirua lortu dugu fabula bakoitzarentzat. Gezurra dirudi horrelako liburuxka batek zenbat diru balio duen. Produkzio moduak ere ikusarazi behar dira, zeren horiek ere badira gure baldintza baita ere. Hasieran, lehen  hiru fabulak genituen bermatuta. Gerora lortu genuen laguntza bat oso-oso garrantzitsua, Daniel y Nina Carasso laguntza. Horri esker lortu genuen gainerako guztiak aurrera eramatea. Baina hasieran, ez genekien hamarrera iritsiko ginenik ere".