Gaur goizean aurkeztu dute, prentsaurrean, Beat Eroak ekimen; agerraldian izan, besteak beste, Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatea eta Euskara zinegotzi Estitxu Alkorta, Usurbilgo Gaztelekuko koordinatzaile Izar Agirretxe, Andoaingo Gazte Lokaleko hezitzaile Gartxot Unibaso eta Beat Eroak proiektuko rap tailerretako irakasle eta DJ Telmo Trenor.
Proiektuaren leloa zein den jakinarazi dute: Hitza askatu, erritmoa markatu. Gaineratu dute bi fasetan antolatuta dagoela. Otsailean, parte hartzaileek hitzak, errimak eta mezua landuko dituzte; horretarako Odei Barroso rapero eta bertsolariaren laguntza izango dute. Lasarte-Orian saio hori otsailaren 20an aurrera eramango dute. Martxoan, berriz, tailerraren bigarren saioan, Odei ez ezik, Telmo Trenor DJ eta ekoizlea ere izango da gazteekin; lehen saioan aukeratutako base musikalarekin eta osatutako letrekin, kanta sortu eta grabatuko dute. Lasarte-Oriako gazteak martxoaren 16an ariko dira zeregin horietan.
Gauzak horrela, herri bakoitzak bere abestia sortuko du, eta egitasmoari amaiera emateko, entzuleen bozkaren eta epaimahaiaren sariaren bidez, abesti irabazlea izendatuko dute. Saria zein izango den ere iragarri dute: bideoklip profesionala grabatzea.
Gaztelekuetako ordezkariek ohartarazi dute ekimena ez dagoela pentsatua soilik rapa egiten dakiten gazteentzat. Gaineratu dute ez dela aurretiko esperientziarik behar, jarduteko gogoa besterik ez. Helburua zein den ere zehaztu dute: gazteei ahotsa ematea, bakoitzak bere hitzekin eta bere estiloan adierazteko aukera izan dezan, euskaraz.
Izena emateko epea
Tailerrean parte hartzeko aurrez izena ematea ezinbestekoa da, eta horretarako epea zabalik dago jada. Honako esteka erabili behar dute interesdunek: https://euskara.buruntzaldea.eus/beat-eroak/. Inskripzioa egiteko azken eguna hilaren 31 izango da. Herri bakoitzean, gehienez ere 30 gaztek hartu ahal izango dute parte.
Egitasmoa 2020. urtean jarri zuten martxan, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Sailaren eta Iametzaren eskutik; eta bi proiektu pilotu egin zituzten: Legazpiko eta Urretxu-Zumarragako gaztelekuetan. Buruntzaldeko herrietako gazteen txanda da orain.