ESKUALDEA

Enpresa txiki eta ertainen trebakuntza digitala sustatuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 21a

Erribera kulturgunean egingo dituzte hilaren 30eko eta otsailaren 5eko formakuntza saioak. Argazkia: Gertu Kultura.

Enpresa txiki eta ertainei (ETE) merkatuaren egungo errealitatera egokitutako tresnak eta ezagutzak emateko asmoz, Beterri-Buruntza Mankomunitateak doako trebatze ibilbide pertsonalizatua jarri du martxan. Egitasmo horren barruan bi saio antolatu ditu hilaren 30ean eta otsailaren 5ean, Astigarragako Erribera kulturgunean. Aurrez aurreko ikastaroak izango dira eta tokiak erreserbatu nahi dituztenek artikulu honetako QR kodea eskaneatu eta formularioa bete beharko dute. 

Ikuspegi praktikotik diseinatu dute arestian aipatutako trebatze ibilbide digitala, ETEen "benetako beharrak eta erronkak" abiapuntu hartuta, antolatzaileek jakinarazi dutenez. Aholkularitza espezializatu bateko kideek emango dituzte saioak, parte hartzaile bakoitzaren enpresaren egoerara eta heldutasun digitalera egokituta. "Digitalizazio prozesuak modu eraginkorrean ulertu eta planifikatzeko oinarrizko gaitasunak eskuratuko dituzte".

Hilaren 30ean Enpresen berrikuntza eta eraldaketa digitala formakuntza saioa egingo dute 09:00etatik 12:00etara, gaztelaniaz. Otsailaren 5ean, aldiz, Adimen artifizial sortzailea enpresa industrialean ikastaroa emango dute aurrekoaren ordutegi eta hizkuntza berean. Esan bezala, biak ala biak Astigarragako Erribera kulturgunean izango dira. 

Beterri-Buruntza Digitala

Formakuntza saio horiek Beterri-Buruntza Digitala egitasmoaren barrukoak dira. Norabide horretan, ETEen lehiakortasuna, berrikuntza gaitasuna eta jasangarritasuna indartzeko estrategiaren parte dela zehaztu dute antolatzaileek. 

Estrategia digitalaren definizioa, prozesuen digitalizazioa, tresna zehatzen erabilera edota merkatu ingurunera egokitzeko gaitasuna izango dira trebakuntza ibilbidean zehar partaideek eskuratuko dituzten gaitasunak. Informazio gehiago jaso nahi dutenek enpresa@beterriburuntza.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-24 45 23 telefono zenbakira hots egin dezakete.

Arotzeria eta sukaldaritza

Beste bi formakuntza ibilbideren berri eman du Beterri-Buruntza Mankomunitateak. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Elkar-Ekin programaren barrukoa da horietako bat: Sukaldeko Oinarrizko Eragiketak, Erroak-Sartu erakundearen eskutik. Helburua da ostalaritza sektorearen beharrei erantzutea eskualdean langabezia egoeran dauden pertsonen laneratzea sustatuta.

Ibilbideak formakuntza teoriko-praktikoa eskainiko du, eta horrez gain, parte hartzaileek gaitasun digitalak, hizkuntza gaitasunak eta zeharkako konpetentziak landuko dituzte, hala nola komunikazio eraginkorra, talde lana eta moldagarritasuna. Guztira hamabost pertsonak parte hartuko dute eta amaitzean ziurtagiri profesionala eskuratzeko aukera izango dute.

Bestalde, otsailean Tamaina Handiko Arotzeria eta Kudeaketa ibilbidea jarriko dute martxan Emaus Gizarte Fundazioak eta Arotzgi erakundeak. Prestakuntza horrek zurgintzaren arloan kualifikazio teknikoa eskaintzea du xede, sektorean dagoen langile kualifikatuen eskariari erantzuteko.

Ibilbide horretako formakuntza teknikoa 305 ordukoa izango da, eta bertan, besteak beste, tamaina handiko zurezko hondakinen berreskurapena eta errebalorizazioa, arotzeriako zerbitzuetako oinarrizko prozedurak eta zurezko hondakinen sailkapena eta lehengoratzea landuko dira. Horrez gain, parte hartzaileek 50 orduko prestakuntza jasoko dute gaitasun soziolaboral eta digitalen inguruan, eta 90 orduko praktikak egiteko aukera ere izango dute sektoreko enpresetan. Harremanetarako, idoia.vidaurrazaga@emaus.com-era idatzi edo 690 17 59 82 telefonora deitu dezakete.

Izena emateko formularioak

ERALDAKETA DIGITALA

AROTZERIA

Erlazionatuak