Bizipenak elkartrukatzearen aberastasuna erakutsiko dute gaur

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 22a

TrukeLandia ekimenaren 2023ko aurkezpen ekitaldia.

GurasoLandia egitasmoan parte hartzen ari diren familiek horren barruko TrukeLandia ekimena ezagutuko dute gaur arratsaldean, 17:30etik aurrera Ttakunenea elkartean egingo duten aurkezpen ekitaldian. Izenak aurreratzen du saio horietan egingo dutena: jolasak, ipuinak, abestiak, bizipenak... trukatu, nola ez, euskaraz. Hizkuntza hori modu naturalean eta egunerokoan presente egongo den harreman guneak sortuko dituzte, beraz.

GurasoLeku programaren adarretako bat da GurasoLandia, 0 eta 5 urte bitarteko haurrak dituzten familiei zuzendua. Horien arteko loturak indartzeko eta euskara transmititzeko hartu duten konpromisoa aberasteko, hilabetean behin TrukeLandia ekimenean parte hartuko dute. 

Egitasmoa Udaleko Euskara Zerbitzuak bultzatzen du, Ttakun Kultur Elkartearekin, Andre Joakina Haur Eskolarekin, Landaberri eta Sasoeta-Zumaburu ikastetxeekin, Burunzpe eta Landaberri guraso elkarteekin eta Muntteri euskaltegiarekin elkarlanean. 

Edozein zalantza dutenek (betiere GurasoLandian parte hartzen ari badira) Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Sailera jo, ttakun@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 943-36 68 58 telefono zenbakira dei dezakete.