Akordeoia jotzen 8 urterekin hasi zen Jokin Goenaga Miner herritarra eta geroztik ez dio instrumentu horren hauspoari eragiteari utzi. Bost hamarkadako ibilbide oparoa errepasatu zuen hilaren 10ean Manuel Lekuona Kultur Etxeko auditorioan, aretoa bete zuten senide eta lagun ugariren aurrean. Urteotan guztiotan osatutako 130 piezako errepertorio zabaleko zenbait erakutsi zituen AccordionA 2.0 emanaldi berezian, musikariak orain arte eman duen kontzertu onenean.
Egun batzuk igaro dira kultur etxean eman zenuen kontzertutik. Nola sentitzen zara? Gustura zaude egindakoarekin?
Orain arte eman dudan kontzertu onena izan da, zalantzarik gabe. Oso gustura nago. Soinuak eta argiztapena ederki prestatu zituzten eta jende dezente etorri zen kultur etxera: familia, lagunak, musika irakasle ohiak... Oso babestua sentitu nintzen eta egun borobila izan zen.
Bestalde, emanaldi oso pertsonala izan zen, 50 urteko ibilbidearen errepasoa. Bilakaera hori kantuen artean esplikatu nien ikus-entzuleei, adibidez, orain akordeoi elektrikoa jotzen dudala eta horrek beste soinu ugarirekin aritzeko atea ireki didala: armonika, saxofoia, organoa, pianoa eta beste batzuk.
Gure herriko kultur etxean jo duzun aurreneko aldia izan da?
Zero Sette orkestraren Nazioarteko Akordeoi Jaialdian jo nuen 2013an, artista gonbidatuen aurretik; hiruzpalau pieza interpretatu nituen. Eta urtebete lehenago, lehenengo solairuko kafetegian ordura arte sortu nuen kantak erakutsi nituen. Larunbatekoa desberdina eta orain arteko emanaldi garrantzitsuena izan da.
'AccordionA 2.0'. Hori izan zen emanaldiaren izena. Zergatik?
Beste izen bat jarri nion hasieran: Akordeoi dibertigarriaren historia. Etxean esan zidaten ea emanaldi hori umeentzako ote zen. Hori horrela, izen fashion-ago baten bila hasi ginen (barreak). Accordion (akordeoia, ingelesez) nahiz ona hitzekin jolastu genuen eta 2.0 bertsioaren kontzeptua lotu genion tituluari, instrumentu horri beste leiho bat irekitzeko gogoa irudikatzeko. Nahi dut gaur egungo belaunaldi gazteak eta euren gurasoak ohartzea edozein pieza jo daitekeela akordeoiarekin eta dibertigarria izan daitekeela ariketa hori.
50 urteko ibilbidea akordeoia jotzen... ez da berehalakoan esaten.
Txikitan hasi nintzen jotzen, 8 urte nituenean, ez nik bereziki aukeratu nuelako baizik eta nire gurasoak, Ixiar eta Joxe, akordeoiaren oso zaleak zirelako. Beraiek ez zuten aukera izan instrumentua erabiltzen ikasteko eta niri eman zidaten aukera. Horrela hasi nintzen baina, agerikoa denez, bost hamarkadaren ostean soinua eskuetan itsatsita mantentzeko arrazoi gehiago egongo dira, noski (barreak).
Zeintzuk dira arrazoi horiek? Akordeoia zergatik da berezia zuretzat?
Iruditzen zait instrumentu oso konpletoa dela. Beste askorekin nota bakarra jo dezakezu aldi berean, baina, eskusoinuarekin edota pianoarekin ari zarenean, eskuineko eskuarekin jotzen duzu melodia eta ezkerrarekin akonpainamendua: baxuak, erritmoa markatzen duzu... osoenak dira bi horiek nire ustez. Horrez gain, akordeoiak berezitasun hau dauka: eskuineko nahiz ezkerreko eskuekin maneiatzen dituzun tresnen erdian dagoen hauspoa. Melodiari indar gehiago ala gutxiago eman diezaiokezu horren bidez eta balio du musikariaren sentsazioak zer-nolakoak diren transmititzeko ikus-entzuleei.
Joan den larunbateko kontzertuan jo nuen runbetako bat etxean entseatzerakoan, adibidez, horrenbeste sartzen naiz kantuaren barruan, non imaginatzen dudan Lola Flores bera ari dela dantzatzen. Akordeoia besarkatuta izan bitartean instrumentuarekin bat egitea lortu eta ikus-entzuleei transmititzea lortzea da benetako garaipena.
Kultur etxeko kontzertuan interpretatu zenuen piezetako bat aipatu duzu. Zenbat eskaini zenituen emanaldi horretan? 50 urteko ibilbidearen ostean, errepertorio zabala izango duzu.
Kantu tradizionalekin hasi nintzen, fandangoekin eta arin-arinekin. Ondoren klasiko ugari jo nituen, The Beatles taldearen bat adibidez, eta Madness-en One step beyond abestiarekin bukatu. 130 bat piezako errepertorioa dut.
Kontzertuez aparteko emanaldi bereziak egiten ditut adinekoen egoitzetan. Bi koaderno eramaten ditut, abestien zerrendekin, eta esaten diet: 'Hau da nire errepertorio guztia, zuek aukeratu zer entzun nahi duzuen'. Gauza bera egiten dut bazkarietan eta antzeko ekitaldietan.
Bost hamarkadako ibilbidearen errepaso kontzertuaren ostean, zer? Zeintzuk dira etorkizunerako dituzun asmoak?
AccordionA 2.0 emanaldia horren ondo joan zela ikusita gustatuko litzaidake toki leku gehiagotan ematea. Seguru ez dela hemen bukatuko nire ibilbidea soinu jotzaile gisa, gauza berriak sortu eta egingo ditut: soinuak, abestiak... Nork daki, agian datorren urtean kontzertuaren 2.1 edo 3.0 bertsioak eratuko ditut! Osasuna dudan bitartean behintzat akordeoia besarkatzen jarraituko dut; ez dut uzteko inolako asmorik.