Eskariz betetako eskutitzak eman dizkiete erregeei

Txintxarri Aldizkaria 2026ko urtarrilaren 5a

Ekialdetik goizean herrira etorritako Meltxor, Gaspar eta Baltasar erregeek dozenaka haur hartu dituzte Ama Brigitarren komentuan, bazkalostean. Irribarretsu, txikienen eskariak entzun eta maitasunez idatzitako eskutitzak jaso dituzte, gauean zehar opariak banatzerakoan kontuan izateko. Laster desfilatuko dute herrian barrena.

Ilara luze samarra zegoen komentu atarian 15:45ak jo dutenerako. Gaztetxo mordoa, eskuetako batean eskutitzekin eta bestea amari edo aitari emanda, ateak noiz ireki eta erregeekin tartetxo batez egoteko unearen zain. Handik gutxira izan dute horretarako aukera, laguntzaileek aurrera joateko esan dietenean, aurrez zeinekin egon nahi zuten galdetuta: Meltxor, Gaspar edo Baltasarrekin. 

Txintxo-txintxo itxaron du bakoitzak bere txanda, erregeetako bakoitzari opari gisa jaso nahi duena zer den azaltzeko, eskutitza emateko eta, zergatik ez, besarkatzeko ere bai. Agurtu baino lehen, denek baliatu dute argazkia ateratzeko aukera; sakelako telefonoak erabili dituzte gurasoek horretarako.

Hemendik tarte batera berriro aterako dituzte hainbatek, erregeek udalerrian barrena egingo duten kabalgata bideoz grabatzeko. Oriatik abiatu eta erdigunerantz etorriko dira, Biyak Bat egoitzan eta komentu atariko jaiotzan geldialdi bana eginda. Ondoren, kalez kale jarraituko dute, Antonio Mercero gune kanpoaldera iritsi arte. Antzezpentxoa egin eta suziriak jaurtiko dituzte bertan. Azkenik, udaletxeko balkoira igo eta parean izango dituzten herritarrekin hitz egingo dute Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek.