Erregeak bertaratu bitartean, Los Brochetas rock bikoak kontzertu labur bat eskaini die egoiliarrei. Aitor Murillo eta Iosu Sanz dira aipatu taldeko gitarra jotzaileak, eta Atsobakar egoitzako langileen semeak. Pozik hartu dituzte egoiliarrek, eta txalo zartekin eskertu diete emanalditxoa.
Udal ordezkariak ere bertan izan dira: Agustin Valdivia alkatea eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedo. Hitzordua baliatu dute opari gisa zer jaso dutenari buruz galdetzeko, besteak beste.
Eta arratsaldeko kabalgataren aurretik, erregeak atseden hartzera joan dira. Bien bitartean, beren pajeek eskutitzak jaso dituzte Okendo plazan. Eguzkiak goxatzen zuen Mercero guneko espazioan jarri dute postontzian sartu dituzte haurrek euren eskutitzak, eta laguntzaileek goxokiak eman dizkiete ordainetan. Marrazkiak ere margotu dizkiete pertsonaia magikoei.
Bazkalosteko deialdiak
15:45etik aurrera Ama Brigitarren komentuan izango dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar eta hori izango da eskaera zerrenda emateko azken aukera. Antolatzaileek jakinarazi dute 17:00ak bitarte egongo direla bertan. Ostean, kabalgata eginda herria zeharkatuko dute: Oria auzotik abiatuko dira, 17:30ean. Okendo plaza atzealdean dagoen Antonio Mercero eremura iristerakoan, emanalditxo bat egingo dute, suziriak jaurtiko dituzte eta erregeek herritarrekin hitz egiteko tartea hartuko dute.