Mozorroak prest, San Silvestre lasterketarako

Txintxarri Aldizkaria 2025eko abenduaren 22a

Denetariko morrozoak janzten dituzte lasterketako parte hartzaileek.

Egun osoko egitaraua antolatu dute San Silvestre lasterketako boluntarioek. Elkartasuna, jai giroa, kirola eta omenaldi txikia izango dira osagaiak. 1 dortsala Danok Kide elkarteari emango diote antolatzaileek. Mozorro onenek izango dute saria

Jaia, elkarteasuna eta kirola batzen dituen egun osoko egitaraua dakar aurten ere San Silvestre lasterketak.

Urteko azken egunean goizetik hasita gau partera arte, adin ezberdinetarako jarduerak antolatu dituzte.

Haurrek hartuko dute Okendo plaza lehenik. Eguerdia baino lehen, Lasarte-Oriako Zezensuzko eta Erraldoien Taldeko (LOZET) kideek euren dantzekin jai giroan murgilduko dute herria eta Porrotxek haurrei zuzendutako kanpaidaka egingo du. 

Bien bitartean, etxeko txikiek eta helduek izango dute pintxoa dastatzeko aukera ere elkartasun pintxo-potean. Aurten LOZETentzat izango da diru bilketa.

Jaia nagusi

Lasterketa hasi baino ordu erdi lehenago, koloretako mozorroek eta jai giroak hartuko du berriro plaza. 15:30ean, korrikalari eta ipar martxako kirolariek beroketak egiteko aukera izango dute.

Aurten kiroldegi berriko lanak direla eta, ibilbidea moldatu behar izan dute San Silvestreko kideek eta korrikalarien ibilbidea motzagoa izango da, 5,5 kilometrokoa. Ikusi beheko argazkia. Ipar Martxako kideek, aldiz, ohiko bidea egingo dute; 4 kilometro.

Proba ez lehiakorra izanda ere, sariak banatuko dira parte hartzaile artean. Batetik, babesleen produktuak eta Realeko gizonezkoen lehen taldeko jokalari Jon Martin herritarraren kamiseta txuri-urdina zozkatuko dituzte antolatzaileek dortsala dutenen artean. Eta bestetik, probako bi modalitateetako irabazleek garaikurrak jasoko dituzte, baita mozorro onenak janzten dituzten partaideek ere.

Hori baino lehen, 1 dortsala banatuko dute. Aurten Danok Kide elkarteak jasoko du. 1962an, guraso talde batek sortu zuen erakundea. Lasarte-Oria ez zen independentea oriandik eta esparru askotan zegoen zerbitzu eta baliabide faltagatik arduratuta zeuden. Hezkuntza, ekonomia, osasuna, gizartea... arlo ugaritan hasi ziren lanean eta horretan dihardute gaur egun ere.

Dortsalak jasotzeko

Internet bidezko izen ematea (www.sansilvestrelasarteoria.com) hilaren 28an itxiko dute San Silvestreko antolatzaileek eta dortsalak jaso edo aurrez aurreko inskripzioa egiteko hilaren 29an, 30ean eta lasterketa egunean bertan Antonio Mercero gunea izango da probaren bulego. Ordutegiak honakoak izango dira: 29an eta 30ean, 11:00etatik 13:30era eta 17:00etatik 19:30era; eta hilaren 31n, 10:00etatik 12:00etara.

Dortsalaren kostua webgune bidez, 7 eurokoa da; hilaren 29an eta 30ean eginez gero, 10 euro balioko du eta egunean bertan, 15 euro.

Egitaraua

11:00etan, LOZETeko buruhandiak eta erraldoiak. 

12:00etan, haur kanpaikadak Porrotxekin.

11:30etik 13:30era, pintxo-pote solidarioa, musikaz girotua. 

15:30ean, beroketa.

16:00etan, lasterketa.

Erlazionatuak

Lasterketa bat baino askoz gehiago

Txintxarri Aldizkaria abe 11 Gizartea