San Silvestrea antolatzen duten boluntarioek aurkeztu dituzte aurtengo jardueraren nondik norakoak, udal ordezkariekin batera. Erakunde horren nahiz norbanakoen eta tokiko merkatarien laguntza eskertu dute, aurrena. Aitortza hori eginda, arratsaldeko lauetan hasiko den probarako izen ematea zabalik dagoela jakinarazi dute. Antolatzaileentzako zein partaideentzako errazena izango dela sinetsita, inskripzioa "lehenbailehen" egitera animatu dituzte lasarteoriatarrak. Hilaren 28a baino lehen animatzen direnek 7 euro ordaindu beharko dituzte; 29an edo 30ean apuntatzen direnek, berriz, 10 euro; eta azken ordura arte (hilaren 31n bertan, 10:00etatik 12:00etara) itxaroten dutenek, 15 euro. Bi modalitate izango dituzte aukeran: lasterka edo ipar martxa egiteko makilekin. Tokia zehazteke dute oraindik baina tramite hori "presentziala" izango dela aurreratu dute.
Korrikalariek urratu beharko duten ibilbidea aurreko urteetakoa baino zertxobait motzagoa izango da. Oria ibai alboko pasealekuko lanak direla-eta, pasabide horretan aurrera egin eta Michelin atzealdetik herrira itzuli beharrean, Blas de Lezo kaletik Geltokirantz egingo dute. "Parte hartzera animatzeko arrazoi bat gehiago duzue guztiok: aurtengo proba zertxobait errazagoa izango da!", bota dute antolatzaileek, umoretsu. Ipar martxalariek ohiko bidea gauzatuko dutela jakinarazi dute jarraian. Azalpenekin segi aurretik bi ohartarazpen hauek egin dituzte: 16 urtetik gorakoek parte hartu ahalko dutela eta lasterketan zehar, helmugara sartu aurreko metroetan batez ere, ezingo dutela haurrek edota animaliek sartu. "Arau horiek ez ditugu kapritxoz ezarri, denon hobebeharrez baizik".
Egitarau oparoa
Hilaren 31ko festa goizean hasiko da, LOZET elkarteko erraldoi eta buruhandien kalejirarekin. 11:00etan abiatuko dira Blas de Lezo kalean duten egoitzatik eta, Geltoki zeharkatu ostean, Okendo plazara iritsiko dira. Bertan izango dute zain Porrotx pailazoa, bertaratzen direnekin kantu, dantza eta irri egiteko prest. Emanalditxoaren ostean haurrentzako kanpaikadak botako dituzte, 12:00ek jotzen dutenean. "Ekimen honekin, etxeko txikienek San Silvestre egunaz disfrutatzea nahi dugu", azaldu dute.
Kirol proba arratsaldean izango bada ere, goizeko ekimenetan parte hartzen dutenek indarrak hartu ahalko dituzte Okendo bertan, 11:30etik 13:30era egingo duten pintxo pote solidarioan. Txorizo pintxoak, salda, freskagarriak, sagardoa... ez dira faltako, ezta txokolate bero eta goxoa ere. Bi ordu horietan biltzen duten dirua LOZET elkarteari emango diote, eragileek urtean zehar antolatzen dituzten ekimenetan parte hartzen jarrai dezaten. Herriari egiten dioten ekarpena goretsi dute San Silvestre ekimena antolatzen duten boluntarioek.
Arestian esan bezala, mozorrotzeko eta 2025eko azken kirol saioa egiteko ordua 16:00ak izango dira. Parte hartzaileek sustorik izan ez dezaten eta giharrak behar bezala berotu ditzaten saioa egingo dute Saito gimnasioko kideek ordu erdi lehenago, Okendon. Luzatze eta aktibazio ariketak musikarekin uztartuko dituzte, ohi bezala.
1 dortsala, Danok Kiderentzat
Herritik eta herriarentzat egiten duten ekimena izanik, San Silvestre taldeko kideek urtero gordetzen dute tarte bat Lasarte-Oriako norbanakoen edota eragileen jarduna aitortzeko. Balio sinboliko handia duen 1 zenbakidun dortsala gordetzen dute horretarako. Aurtengo aintzatespena Danok Kide elkarteak jasoko du, "hamarkada askotan udalerriaren mesedetan egindako lanagatik". Garai horretan oraindik independentea ez zen herrian esparru askotan zegoen zerbitzu eta baliabide faltagatik arduratuta sortu zuen eragilea guraso talde batek, 1962an. Hezkuntza, ekonomia, osasuna, gizartea... esparru ugaritan hasi ziren lanean eta horretan dihardute 60 urte geroago.
Danok Kideko ordezkariez gain beste pertsona batzuk ere igoko dira oholtzara arratsaldean zehar, kirol proba amaitu eta gero. Lasterketaren helburu nagusia lehiakortasuna sustatzea ez bada ere, partaideen ahalegina aitortuko dute antolatzaileek. Bi modalitateetako irabazleek garaikurrak jasoko dituzte, batetik, eta mozorrotzen direnetako batzuek sariak eramango dituzte etxera, bestetik. Zozketa berezi bat aurrera eramango dutela jakinarazi dute: Realeko gizonezkoen lehen taldeko jokalari Jon Martin herritarraren kamiseta txuri-urdina.
Amaitzeko, gogorarazi dute "beso zabalik" hartuko dituztela hilaren 31n laguntzeko prest dauden boluntario lasarteoriatar guztiak. San Silvestrekoen Instagram edo Facebook bidez jar daitezke harremanetan, baita info@sansilvestrelasarteoria.com helbidera idatzita ere.