Atzo, joan den hilabetean, aurreko urtean edo duela hamarkadaren bat erretiratu ziren gaurko manifestazioan parte hartu duten pentsiodunek; merezita jubilatu ere. Euren bizitza profesionala alde batera utzita badute ere, argi adierazi dute ez direla bigarren aldiz erretiratuko, hau da, tinko eutsiko dietela ez bakarrik pankartei, baita horietan erakusten dituzten mezuek osatzen duten borroka sozialari ere.
Herri Ekimen Legegilea izeneko ekimena jorratu dute azkenaldian, ordainsari apalenak (emakumeek jasotzen dituzte batez ere; hamar pentsiodunetatik zazpik) LGS Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (1.184 euro, aurten) parekatzea eskatzeko eta euskal sistema propioa eratzeko, besteak beste. 145.000 herritarren sinadurak, ehunka eragile eta sindikaturen atxikimenduak... lortuta ere, Eusko Legebiltzarrean ez dute eztabaidatu oraindik, bertan ordezkaritza dutenetako zenbait alderdik (EAJ, PSE-EE eta VOX) aurka bozkatu dutelako.
Erantzun hori espero ez bazuten ere, ez dira atsekabetu eta irmo jarraitu dute aldarriekin. Horren adibide izan da gaur goizean Gasteizen aurrera eraman duten manifestazio jendetsua; mila pertsona baino gehiago batu dira (Gipuzkoatik 350 joan dira, horien artean, Lasarte-Oriako eragileko ordezkari batzuk). Egun batzuk lehenago herriz herri egindako kontzentrazioetan zabaldu zuten mezua errepikatu dute, ozen eta garbi: "Esan zuten pentsioak ezin zirela KPIarekin errebalorizatu, eta lortu genuen. Gauza bera esaten dute orain pentsio baxuenak eta LGSa parekatzeari buruz. Hori ere lortuko dugu: berandu baino lehen, Legebiltzarrean izango da HEL ekimena. Guztion artean lortuko dugu".