Herri Ekimen Legegilea eztabaidatu ere ez egitea "justifikatzen duen argudiorik gabe", Legebiltzarrean horri buruz hitz egitea galarazi izana leporatu diete arestian aipatutako alderdiei. "Iseka egin diete ekimena babestu duten 145.142 sinatzaileei, sindikatu guztiei, ehun bat erakunde sozial eta feministari eta euren gizarte eremuetan erreferenteak diren 289 pertsonari". Hori horrela izanik, lan prekarietatearen eta aitortu gabeko zaintza lanen mende dauden adineko milaka emakume pentsiodun "abandonatu" egin dituztela deitoratu dute: "Bizi baldintza duinak, etxebizitza erosoa, behar dituzten arreta eta zaintza zerbitzuak, elikadura osasuntsua eta osasun integrala lortzeko ezinbesteko dituzten diru sarrerak kendu dizkiete 90.000 pentsioduni".
Ekimen horri itxitako bidea "lehenbailehen" berreskuratzea galdegin diete agintariei. "Nahi badute, egin dezakete. Datorren urteko aurrekontuetan hori posible izateko partida bat gaitzea exijitzen dugu". Atzera begiratu eta 2018ra joan dira: "Esan zuten pentsioak ezin zirela KPIarekin errebalorizatu, eta lortu genuen. Gauza bera esaten dute orain pentsio baxuenak eta LGSa parekatzeari buruz. Hori ere lortuko dugu: berandu baino lehen, Legebiltzarrean izango da HEL ekimena. Guztion artean lortuko dugu".
Komunikatua irakurri ostean Txoria txori abestu dute Okendora bertaratutakoek. Ahotsak eta Josu Txapartegi Txapas-en eskusoinuaren melodiek bete dute enparantza.