Ikasturte honetan kulturartekotasuna lantzea erabaki du Lasarte-Oriako Bizipoza taldeak. Horretarako, lantaldeko kide diren eragileek gaiaz elkarrekin solastu eta elkar entzuteko dinamikak abiatu dituzte. Horrela, aipatu gaiarekiko dituzten kezka mahaigaineratu, partekatu eta etorkizunean egin dezaketenaz hitz egiteko elkartuko direla jakinarazi dute, eta hala egin, Mercero aretoan aurrera eraman duten lehen topaketan.
Bertan izan dira Bizipoza elkartea, herriko ikastetxeetako (Garaikoetxea-Landaberri, Sasoeta-Zumaburu eta Oriarte BHI) ordezkariak, Ostadar SKT, Kukuka Antzerki eta Dantza Eskola, Ttakun Kultur Elkartea eta Kumme Elkartea.
Bizipoza elkarteko ordezkari Marijo Martinezek gidatu du solasaldia; honako galderak luzatu dizkie gonbidatuei, horiek euren hausnarketak plazaratzeko: Kulturartekotasunaren gainean, zein da gaur egungo egoera, erradiografia? Zein behar ikusten dituzue? Horiek asetzeko zein baliabide behar dituzue?
Landaberri-Garaikoetxea ikastetxea
Olaia Rekondo zuzendariak hitz egin du ikastetxearen ordezkari gisa, eta mahaigaineratu, ikasketa zentroaren gaineko diagnosiari esker eskuratu dituzten datuak. Aipatu du, adibidez, horri esker jabetu direla ikasleen %30a baino gehiagok, etxean euskal kultura ez den beste bat dutela. Datu horren aurrean, kezkarik ez, baina gaiari heldu beharra ikusi zuten, eta, bide horretan eutsi diote herriko Bizipoza taldearen elkarlanari. Nabarmendu du zail egiten zaiela atzerritik datozen haur eta familia horiei guztiei euskal kulturarekiko interesa piztea.
Antzematen dituzten beharrei dagokienez, esan du administrazio publikoen laguntza behar dutela, eta harrera plan baten beharra nabarmendu.
Oriarte BHI
Institutuan diagnostiko bat aurrera eraman dutela jakinarazi dute ikastetxeko ordezkari Aitziber Lekuona eta Eneko Sierrak. 816 ikasle ditu ikastetxeak une honetan, eta horien guztien artetik, %12 Euskal Herritik kanpo etorriak direla jaso dute. Hizkuntzari dagokionez, bildu duten informazioaren arabera ikasleen %33aren ama hizkuntza euskara da, nahiz eta %93k hitz egin eta ulertzen duen euskara. Gaztelania ama hizkuntza dutenak %57 dira, nahiz eta hizkuntza hori ikasleen %97k hitz egin eta ulertzen duen. Gaineratu dute, ama hizkuntza horiek ez beste batzuk dituzten zenbait ikasle ere badituztela.
Beste zenbait galderen artean, kulturartekotasuna sustatzeko zer egin daitekeen ere galdetu diete ikasleei, eta erantzunik hedatuena "ez dakit" izan bada ere, agertu dira ondorengoak (gehien errepikatu direnak): "errespetua", "festak egitea", "txikitatik besteen kulturara gerturatzea" eta "askotariko ekintzak antolatzea" izan dira gehien errepikatu diren erantzunak.
Ikastetxera iritsi berri diren ikasleek, heldu eta aste gutxitara sentitzen duten herriminaz ere mintzatu dira, hori artatzeko egitasmo baten beharra nabarmendu dute.
Sasoeta-Zumaburu ikastetxea
Hauek ere galdetegi bat igorri diete ikastetxeko familia guztiei, eta jasotako erantzunetatik zenbait foku nagusi bereizi dituztela azpimarratu du Oiartza Pampliega zuzendariak. Horietako baten gainean honako hau aipatu du: "Benetako integrazioa emateko norbera sentitu behar da hemengo parte, eta horretarako, euskal kultura eta hizkuntza erakusteko aukera eskaini behar dela azaltzeaz gain, atzerritik datozenena ezagutzeko espazioak bilatu behar dira".
Etorri berrientzako arreta gune baten beharra ere azpimarratu du: "Eskolak ematen dizkie zertzelada batzuk, baina ez da hori guztia garatzeko lekua".
Ostadar SKT
Imanol Bardajik hartu du hitza Ostadarren izenean, eta, gainerako hizlari askok bezala, bera ere kirol taldeari dagozkion zenbait datuz mintzatu da. Esan du, adibidez, herri mailan 1.000 kirolarirekin lan egiten duela klubak, eta hori hala izanik, aipatu kirol elkartea Lasarte-Oriaren ispilu gisa aurkeztu du: "Gizartean gertatzen dena, gure klubean ere gertatzen da. Honekin esan nahi dudana da, gizartea anitzagoa den bezala, Ostadar ere halakoa dela; askotariko jatorritako erabiltzaileak ditugu, gero eta gehiago". Horren aurrean, kulturartekotasuna lantzeko laguntza eskatzeko beharra sentitzen dutela esatearekin batera, aipatu du azken boladan, zenbait eragilek eurengana jotzen dutela laguntza eske, eta horrek itota egotearen sentsazioa eragiten diela jakinarazi du.
Baikortasuna adierazi du hitzartzea amaitzeko, eta nabarmendu, gaiarekiko laguntza beharrezkoa dela.
Kukuka Antzerki eta Dantza Taldea
Eskolaz kanpoko eragile bat izanik, erabiltzaileei eskaintzen zaien espazioa "irekiagoa" dela nabarmendu du Kontxu Iartza aipatu eskolako antzerki sailaren arduradunak. Gaineratu du, ikastetxe eta gainerako esparruetan bezala, antzerkian ere zenbait kulturatako kideekin aritzen direla. Honako adierazpenok egin ditu gero: " Aukera oso ona eskaintzen die antzerkiak. Hor badute espazioa beraiek diren bezala agertzeko". Azaldu du harremanak ez direla "errazak eta gatazkak sortzen direla", baina, arduradunak saiatzen direla horiek konpontzen.
Irati Iglesiasek, berriz, dantza irakasle gisa hitz egin du, eta, mahaigaineratu, espazioekin duten arazoa. Euskal dantza irakasle gisa, nabarmendu du dantza gure kultura erakusteko modu "paregabea" dela, baina, azpimarra egin dio, hori lantzeko espazio hobeak izanez gero, errazagoa zatekeela lan hori aurrera eramatea.
Erakundeen inplikazio handiagoa beharrezko ikusi dute biek ala biek.
Ttakun Kultur Elkartea
Kulturartekotasuna definitzeko beharra adierazi du Haritz Salaberria Ttakun Kultur Elkarteko kudeatzaileak. Argi azaldu du solasaldiaren ardatz izan den gaiaz, kulturartekotasunaz hitz egingo bada, izan behar dela kultura arteko berdintasun horizontala, hau da ezin daitekeela bata bestearen gainetik jarri. Hau azaldu du gero: "Orain asko hitz egiten dugu migratzaileez, baina errealitate hori duela urte askotatik ezagutzen du herri honek, edo betidanik. Beti egon izan dira askotariko komunitateak eta horien arteko harremanak, nahiz eta azken horiek beti ez diren orekatuak izan".
Komunitate kultural bat osatzen duen elementu nagusia hizkuntza dela gaineratu du gero; hori erdigunean jartzeko beharra agertu du: Baditugu baliabideak, edo ikasi dugu hori nola egin. Ttakunen gabiltzanok hizkuntzaren gaineko lanketa bat egiten dugu, baina ez hara hizkuntzalariak". Salaberriari garrantzitsua iruditzen zaio atzerritarrak hizkuntzara erakartzea, ez, ordea, hori hitz egin dezaten inposatzea: ·Erakutsi behar diegu gurea hartzeak ez duela esan nahi beraiena galtzea".
Kumme Elkartea
Andrea Garciak hitz egin du elkartearen ordezkari gisa. Aurrera eramaten duten lana (eskola laguntzara bideratutako ekimena da) aurkeztu die entzuleei. Jakinarazi dute 56 umerekin lanean ari direla; gaineratu du, horietatik 53 migratzaile familia batean jaiotakoak direla. Ohartarazi du, gainera, beste sei ume itxaron zerrendan daudela, boluntario faltaren ondorioz ezin dituztelako hartu.
Umeei erreparatuz gero, "hutsune asko" ikusten dituztela esan du gero, eta horrek "atzerapena" eragiten duela ere aipatu du. Adierazpenok gehitu ditu gero: "Batzuetan ikusten ditugu ume oso argiak, gaitasun handia dutenak, baina oztopoak medio, erdi bidean geratzen dira". Hori hala dela ikustea "gogorra" da Garciarentzat.
Boluntario gehiagoren beharra azpimarratu du, horrek ekarriko baitu zerbitzua zabaltzeko aukera. Bestetik, berriz, aurretik esandakoarekin bat egin du; berarentzat ere harrera sistema ezinbestekoa da.
Amaitzeko, kantuan egin dute. Xumela koruko kideak ere Mercero gunean izan dira, entzule gisa joan dira, eta saioari amaiera emateko Txiki txikia abestu dute, Txapasek gidatuta. Eurekin batera kantuan egin dute aretoan bildutako gainerakoek ere.