Euskararen egoeraren gainean egin duten diagnostikoaren berri eman dio borobilari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 17a, 13:15

Jakinmina sortu du Goikoetxearen hitzaldiak; entzulez bete zen Oriarte Landaberri institutua

Garikoitz Goikoetxeak ‘Esnatu ala hil. Euskararen oraina eta geroa, diagnostiko baten argitan’ liburua aurkeztu die lasarteoriatarrei. Iñaki Iurrebaso soziolinguistarekin batera ondu du lana, eta euskararen egoerari buruzko informazioa eskaini die bera entzutera joan direnei. Borobilean elkarteak antolatutako hil honetako saioa izan da

Bere buruaren aurkezpena eginez hasi du Goikoetxeak agerraldia, eta entzuleei esan die, euskararen egoeraren gainean Iurrebasok eta berak egindako diagnostikoaren berri emateko asmotan etorri dela.

Euskararen gaineko ibilbide historiko labur batekin ekin dio hizketaldiari. Aipatu du egungo egoera zein den ulertzeko, XX. mendean euskararen indarberritze prozesuak izandako  bilakaera erreparatu dutela. Honako adierazpenak egin ditu: “Gaurko gure egoeraren zati handi bat, aurreko hamarkadetan sortutakoaren inertzietatik-edo datorkigu”.

Hiru aro bereizi dituzte liburuan. Ordezkapen aroa (1906-1971) da horietako bat eta hurrenkeran, lehena. Goikoetxeak azaldu du garai horrek euskararen “galera prozesu oso handi bat, suntsipen handi bat” barnebiltzen duela. Gaineratu du egoera hori sakondu egin zela XX. mendean, besteak beste frankismoaren urteetan. Gauzak horrela, 1906. Urtetik 1970erako denbora tartean kokatu ditu entzuleak.

Indarberritzea eta geldotzea

Bigarren aroaz mintzatu da gero. Ordezkapen aroak indarberritzearenari (1971-2001) paso eman ziola azaldu du idazleak, eta kontatu, aro horretan ordura arteko norabidea aldatzea lortu zuen “olatu handi bat” sortu zen arren,  hori ez zela nahikoa handia izan aurretik zetorren galera guztia berdintzeko.

Aro horren amaieraz eta hirugarrenaz, geldotzeaz (2001-…) ere eman du informaziorik: “XXI. mendearen hasierarekin batera indarberritze aroa amaitu zela irudikatu dugu, momentu honetan geldotzea deitu diogun aroa”. Aitortu du garai honetan euskararen egoerari buruzko datu gehiago daudela eta horrek “irakurketa xeheago baterako aukera” ematen duela.

Aipatu aro horien gainean emandako azalpen horiek guztiak datuetara ekarri ditu ondoren Goikoetxeak; modu zuzen eta eraginkorrean transmititu ditu. Zehaztutako hiru garai horietako bakoitzean, Hego Euskal Herrian jaiotako umeetatik euskara etxean zenbatek jaso duten izan du kontuan. Esan du  1906. urtean % 40k (bostetik bik) jaso zuela euskara etxean. 70 urte geroago, ordea, hots, 1976an, ehuneko horrek 24 puntu egin zituen behera; % 16ra jaitsi zen zifra.

Hurrengo fasean, indarberritzearenean, lortu zen hizkuntzaren bilakaerak zekarren galera handi hori iraultzea, eta % 21era igo zen ehunekoa; hala jakinarazi du hizlariak. Nabarmendu du zifra horrek erakusten duela ez zela lortu mende hasierak zekarren ehunekora heltzea, baina aldi berean, ordura arteko “dinamika bat iraultzearen adierazle” badela. Honakoa ere gaineratu du: “Hori hizkuntza gutxitu baten testuinguruan ez da gutxiesteko mugarri bat”.

Mende berriari (XXI.enari) begira jarri da gero, etapa horretako (hirugarrena, geldotzearena) datuak ezagutarazteko; esan du etxean euskara jasotzen duten haurren ehunekoa % 19koa dela.

Hegoaldeko datuak dira ezagutarazi dituenak, eta iparraldekoen gainean esan du fase aldaketari buruz ezin dela hitz egin azkeneko hamarkada luzeetan, galera “oso-oso nabarmena” izan delako. Hegoalde eta iparraldearen arteko alderaketa bat ere egin du 1921. urtea aztergai hartuta: “Iparraldean hiru umetik bik euskara jaso zuten etxean 60ko hamarkadan, baina, geroztik, sekulako amildegia gertatu da, zifra % 12ra iritsi arte. Horrek erakusten du iparraldean ez direla gertatu hegoaldean emandako hiru aroak, baizik eta sekulako hondamendia jazo dela hizkuntza transmisioari eta bestelako aldagaiei dagokienez”.

Zazpi aztergai

Hizkuntza baten osasuna neurtzerakoan kontuan hartzen diren zazpi aldagai ere aztertu dituzte liburuaren egileek lanean, eta horien berri eman die jarraian, entzuleei. Nagusienak hiru direla aipatu du, eta zeintzuk diren esan: gaitasuna (euskara jakitea eta zein neurritan); erabilera; eta, atxikimendua (hizkuntzarekiko jarrerak, iritziak). Zabal hitz egin du horietako bakoitzaz, baina, datuei baino, joerei edo tendentziei erreparatzeko gonbita egin die entzuleei.

Gaitasunari buruz, adibidez, esan du “ahuldade handia” duela euskarak: “Euskaldunak % 30 direla esaten dugunean, jabetu behar genuke zifra horren azpian ia erdiak, % 14 direla erdaraz hobe moldatzen diren elebidunak. Euskaraz erosoago aritzen diren euskaldunak, berriz, % 8 dira. Azken hamarkadetan euskararen ezagutzak aurrerapen esanguratsua egin du”. Argitu du batez ere aurrera zertan egin den. Batetik, euskararen ulermenean (hamabi puntu), eta euskaraz hitz egiteko gai direnen ehunekoa ere hazi da ( % 30 dira une honetan). Euskaraz, erdaraz baino errazago egiten dutenen ehunekoan, berriz, ez dago aldaketarik; % 8koa zen zifra hori, eta zenbatekoak hori bera izaten jarraitzen du egun.

Laburbiltzeko, gaitasunari dagokion lerroburu bat eman du: “Gaitasunean ahuldade handia daukagu”. Adierazpen horretan sakonduta honakoa esan du: “Aldi berean, ezagutzan eta ulermenean aurrerapen handia egiten ari gara, baina iruditzen zaigu gaitasun erlatiboaren gaiari ematen dioguna baino garrantzia handiagoa eman behar diogula, askotan begiratzen diogulako euskaraz badakien edo ez dakien, baina zein neurritan daki eta zenbateraino moldatzen da ondo euskaraz?. Hori erabilerarako ezinbesteko zorua da”.

Hiru prozesu edo bilakaera nagusiez aritu da gero, hau da, hizkuntza bilakaera, sozializazioa eta aldaketa demografikoa izan ditu mintzagai, eta  zazpigarren aztergaia ikuspegi geografikoa izan da. Azken horretan aztertu du Euskal Herrian zein egoera dauden testuinguru soziolinguistikoari dagokionez.

Saioa amaitu aurretik, bertaratu diren hizlariek galderak egin eta hausnarketak konpartitzeko tartea izan dute.