"Hiltzen naizen egunera arte jarraituko dut nire herriaren alde lanean"

Iñigo Gonzalez Sarobe 2025eko azaroaren 13a

Argi eta garbi hitz egiten du Fayez Badawi aktibistak Palestinari buruz; ahoan bilorik gabe.

FAYEZ BADAWI - AKTIBISTA PALESTINARRA

Oraindik eskolara joateko adina zuenetik ekin zion militatzeari eta palestinarren alde borrokatzeari, 12 urterekin. Aktibista ez ezik, "ahuntzain eta filologoa" da. Ia sei hamarkada geroago, hitzaldiz hitzaldi jarraitzen du Palestinako egoera ikusarazten, sutsu eta tinko. Ahoz esaten dituenak zenbait liburutan jasotzeko proiektua du esku artean.

Duela astebete Antonio Mercero aretoa goraino bete zuen solasaldia baino ordu eta erdi lehenago, hizlaria elkarrizketatzeko aukera izan zuen TXINTXARRI aldizkariak.

Zeintzuk dira Palestinaren egungo egoera ezagutzeko gako nagusiak?

Palestinarren aurkako genozidioa, gaur egun herrialde horretako eremuetako bat den Gazako biztanleak pairatzen ari diren hori, ez zen duela bi urte hasi, baizik eta askoz lehenago; urte askotako kontua da. Era berean, funtsezkoa iruditzen zait ulertzea hori egiten ari den Israel zer den: ez da 1948an naturalki jaiotako estatu bat, baizik eta fabrikatutakoa, munduko potentzia eta komunikabide askoren babesa duena. Ekialde Hurbil eta Ertainerako sortu zuten proiektu kolonialista eta inperialista da.

Palestinar erresistentzia, Hamas, 2023ko urriaren 7ko ekintza eta jazarpen historia horren barruko beste edozer ulertzeko beharrezkoa da irakurtzea eta entzutea zergatik iritsi garen egoera honetara. Israelek erasoak areagotu zituenetik bi urte pasatxo dira. Bonbekin eta balekin lortu ez dutena, Palestina erabat suntsitzea alegia, beste bide batzuk erabilita saiatzen ari da orain: gosea, egarria, mota guztietako baliabide falta... Horiek ere gerrarako armak bilakatu dituzte. Edonola ere, egitasmo horrek porrot egin du eta ez du etorkizunik, ez duelako lortu gu desagerraraztea. 

Horren guztiaren aurrean, agerikoa da potentzia handien hipokrisia. Begira zeinen justua den mundua, ezen fakzio armatuak dituen palestinar eragile oro terroristen zerrendetan sartu dituzten eta Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta bere gobernu osoa ez, edota kolono nahiz soldadu israeldarrak. Genozidioa aurrera eramaten ari dira, Gazaren % 90a erabat suntsitu dituzte, milaka pertsona erail eta zauritu dituzte baina terroristak gu gara, gure lurraldean bizitzeko eskubidea aldarrikatzen ari garenak. Ez, terroristak beraiek dira.

Hausnarketa interesgarri ugari egin dituzu aurreneko galderari erantzutean. Horien artean, palestinar erresistentziarena.

Honakoari erantzuten dio: Nazioarteko Zuzenbide gisa ezagutzen duguna ez da ezer egiten ari gure eskubideen alde, eta, horren aurrean, erresistentziara jo dugu. NBE Nazio Batuen Erakundearen 3.070. ebazpenak aitortzen digunez, eskubidea dugu zapaltzailearen aurkako erasoei eutsi eta erantzutera, erresistentzia mota guztien bidez, baita armak erabilita ere. Mundu mailako lege eta ebazpen horiek argitaratu bai baina betetzen ez badituzte, gure buruak defendatu behar ditugu nola edo hala.

Erresistentzia zer den... Begira zer gertatu zaion berriki Gazan bizi den adineko emakume bati. Kazetari batek galdetu zion ea mugimendu horrekin bat egin zuen, eta, berak, txundituta, hauxe erantzun zion: 'Ni naiz erresistentzia'. Emakume hori, bere seme-alabak, bilobak... Israelgo armada ez bezala, gu ez gara mertzenarioak, Palestinako herritarrak gara, gure eskubideen eta etorkizunaren alde borrokatzeko zilegitasun osoa dugunak. Hori esanda, soldadu israeldarrak izan dira inoiz ikusi ditudan koldarrenak.

Erresistentzia mugimendu horren barruan eratu zenuten FPLP-PAHF Palestinaren Askapenerako Herri Frontea. Bertan militatu eta lan egin izan duzu urte askotan.

OLP-PAE Palestinaren Askapenerako Erakundearen barruko eragileetako bat da. Erakunde nazionalista, internazionalista, marxista eta leninista da. Nazionalistak gara gure helburua delako gure kultura eta hizkuntza babestea. Horiek falta dituenean, herri batek galdua du den-dena. 

Herri frontea 1967ko urriaren 11an eratu genuen eta bost hilabete lehenago sartu nintzen ni, 12 urterekin. Tal-al Zaatar-eko errefuxiatuen kanpalekuan bizi nintzen, Libanon, 1948ko Nakba-ren ostean nire familia kanporatu egin zutelako lurralde palestinarra zen Galileatik. Egun batean, eskolara nindoala, Libanoko poliziaren errepresioa zer-nolakoa zen ikusi nuen: agente bat kolpatzen ari zen gazte palestinar bat. Horren ondorioz, eskuetan zeramatzan panfletoak lurrera erori zitzaizkion, bat hartu eta greba orokor baten berri ematen zuela irakurri nuen; horren bidez, gure jatorrizko lurraldeetara itzultzeko genuen eskubidea aldarrikatu nahi zuten.

Garai horretako borroka ez zen eroa edota zentzurik gabea: gure herrietara itzultzeko nahiaren zerbitzura ari ginen. 1948an, Israelgo estatua eratutako urte berean, ebazpen bat argitaratu zuen NBEk; esan zuten eskubidea genuela gure lurraldera itzultzeko. Hortik aurrera, ordea, ez zuten ezertxo ere egin eta Israel, beste potentzia askoren babesarekin, gu gero eta gehiago zapaltzen eta zokoratzen hasi zen. Pentsa, urte horretan palestinarrak erasotu zituztenean 530 herri suntsitu zituzten; kolonialismo hutsa da hori.

Erakunde horrek Europan izan duen bozeramailea izan zara luzaroan. Zertan oinarritu da zure lana?

Palestinarron borroka ikusaraztea eta nazioartean, kasu horretan Europaren begiak irekitzea. Lanpostu hori ez daukat gaur egun jubilatuta nagoelako baina hiltzen naizen arte jarraituko dut hori egiten. Aurten ehun hitzaldi baino gehiago eman ditut jada, Lasarte-Oriakoa barne. Israel ahal duen guztia erosten ari da: estatuak, komunikabideak eta sare sozialak, gezurrak han eta hemen zabaltzeko. Horren bidez, dena lapurtu nahi digute palestinarroi, gu erabat suntsitu eta desagerrarazi, baina ez dute erdietsi eta ez dute lortuko; zutik jarraitzen dugu. 

Zapaltzaileek zabaltzen dituzten diskurtsoen adibide asko daude. Begira hau: 'Israel da Ekialde Hurbileko demokrazia bakarra eta horren aurka egiten dutenak antisemitak dira'. Ez, barkatu, jatorrizko semitak gu gara, palestinarrak, ez Israelen bizi diren ez dakit nongo nazionalitatea dutenak. Esan dut lehen ere eta errepikatuko dut, artifizialki fabrikatutako estatua da hori. 1948an eta hurrengo urteetan, bertako parlamentuan, elkar ulertzeko hamalau itzultzaile behar zituzten, horra bizitzera beste hainbeste nazionalitatetako pertsonak joan zirelako. Gaur egun, biztanleen % 78k herritartasun bikoitza dute; Netanyahu, adibidez, poloniarra da.

Bestalde, nire eginbeharraren parte ere bada euren burua ezkertiartzat duten alderdi politikoei esatea erratuta daudela eta ez dutela inolako eskubiderik guri bi estatuen konponbidea inposatzeko. Naturalki gure lurraldea denaren zati bat estatu sionista, faxista eta nazi bati oparitzea? Zer astakeria da hori? Palestina gure herria da eta horri buruz erabakitzeko eskubidea palestinarrona da.

Mendebaldeko herrialdeez hitz egitean, 'hipokrisia' hitza erabiltzen ari zara behin eta berriro.

Beste ezer baino lehen, argi utzi nahi dut nik ez daukadala ezer zu [kazetariari zuzendu zaio] bezalako herritarren aurka eta oso eskertuta nagoela herritik bertatik martxan jarri dituzten mugimenduek egin dutenei. Agintariekin ditut arazoak nik. Amerikako Estatu Batuetakoekin, adibidez. Donald Trump, Joe Biden... Zenbat gerratan sartu dira estatubatuarrak historian zehar, eta zertara? Ba suntsitzera eta lapurtzera. Komunitateak desagerrarazi dituzte, oso-osorik. Horri lotuta eta gure egoerara etorrita, ez dut herrialde bakar bat ere ezagutzen bere eskubideak mantentzea eta bizirautea lortu duenik, bera zapaltzera etorri denari hori mesede gisa eskatuta. Guk ere ez dugu hori egingo.

Hipokrisia agerian utzi zuten, adibidez, 2023ko urriaren 7ko atentatuek; 'Hamas erakunde terrorista bat da', hasi ziren esaten biharamunean. Hasteko, ekintza hori ez zuten egin bertako kideek bakarrik; Palestinan fakzio armatuak dituzten eragile guztiek parte hartu zuten. Bestalde, palestinarren borroka ez zen Hamasekin hasi, askoz lehenago baizik. Hamas sortu zuten 1995ean, guretzat engainu izugarria izan ziren Osloko Akordioek porrot egin zutenean.

Gure borrokaren bilakaeran lau etapa gako nabarmendu ohi ditut.

Zeintzuk dira lau etapa horiek?

Aurrenekoa, kolonialismo europearrarena, 1916ko Sykes-Picot itun sekretuarekin. Erresuma Batuak okupatu zuen Palestina orduan. Hurrengo urtean, Balfour akordioaren bidez judutarrei aitortu zieten Palestinaren barruan euren lurraldea eratzeko eskubidea. Judaismoa erlijioa da, ez herri bat. Garai horretan Palestinako biztanleen % 3 ziren judutarrak, beste % 3 kristauak, % 55 musulmanak... Erlijio jakin batekoak direnak, herri dira? Ez. Hori ere gezur hutsa da.

Hortik eratorri zen bigarrengoa, 1948an Israel sortu eta gu erasotu gintuztenean; gure lurraldea hirutan zatitu zuten eta geroztik apartheid egoera bat pairatzen ari gara.

Hirugarrengoa da 1970ean FPLP erakundeko militante batzuek hegazkin batzuk bahitu zituztenekoa, Palestinaren aurkako jazarpena nazioartean ikusarazteko. Ez zen izan inoren aurka mendekua hartzeko ekintza bat, zapalkuntza egoera hori gizarteratzea helburu zuena baizik.

2023ko urriaren 7ko ekintzena da laugarrengoa. Beharrezkoa izan zen, une horietan Gaza erabat setiatuta zegoelako; beraien egoera ez diot inortxori ere desio. Balio izan zuen baita ere Mendebaldeko potentzien maskarak kentzeko eta palestinarrei buruzko gezur ugari agerian uzteko. Terroristak ez gara palestinarrak, ez; horiek dira kolono, soldadu eta agintari israeldarrak. Horien alde lerratzen direnak konplizeak dira, edo erotuta daude. Zein da beraien asmoa horrelako posizionamenduekin?

Zein da, zure ustez, Palestinarentzako konponbide justua?

Kolonialismoak alde egin dezala gureak diren lurretatik. Israelen alde daudenek har ditzatela euren herrialde eta etxeetan naziak, sionistak eta faxistak, guk ez ditugu ezertarako nahi. Duintasunagatik eta errespetuagatik ez ditugu onartuko; gure etsaia bakarrik ez, Palestinaren inguruko herrialde guztiena ere badira.

Palestinarrontzat hauxe izango da konponbide justua: uretatik uretara, Mediterraneo itsasotik hasi eta Jordan ibairaino libre izango den herrialde bakar bat. Laikoa, demokratikoa eta progresista, Jerusalen izango duena hiriburu. Ez dugu besterik onartuko.

Erlazionatuak