Indarkeria mota oro pairatu duten biktima guztiak aitortu dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2025eko azaroaren 10a

Lasarte-Oriak "bizikidetzarekin eta bakearekin duen konpromisoa" berretsi du gaur, azaroak 10, Memoriaren egunean. Horretarako, ekitaldia aurrera eraman dute Bizikidetza Taldeak, udal korporazioko alderdi guztietako ordezkariek eta zenbait eragiletako partaideek. Komunikatu pare bat irakurri eta Lurdes Iriondo zenaren 'Askatasuna, zertarako?' abestu ostean, minutuko isilunea eta arrosa zurien eskaintza burutu dituzte. 

Eguerdiko hamabietarako dozenaka herritar elkartu dira Askatasunaren parkean, zehazki, Gotzon Huegun artista lasarteoriatarrak egindako Biharraren oroipena eskulturan. Agustin Valdivia alkateak hitza hartu aurretik, Baketik fundazioko kide batek egingo zutenaren azalpenak eman dizkie bertaratutakoei eta baita arrosa zuriak banatu ere, ekitaldi amaieran eskaintza egin eta lorontzi batean jartzeko.

Ekimenaren garrantzia nabarmendu du Valdiviak: "Bizi izandako indarkeriaren ondorioz giza eskubideen urraketak eta bestelako sufrimenduak jasan dituzten pertsona guztiei elkartasuna adierazteko bildu gara". Ildo horretatik, berretsi du udalak borondatea duela "biktima guztiak" aitortzeko eta "egia, justizia eta erreparaziorako duten eskubidea" aitortzeko. Norabide horretan, alkateak gogorarazi du Memoriaren eguna ez dela "gogoratzeko jardunaldi bat soilik", baizik eta "giza eskubideekin, bizikidetzarekin eta bake iraunkorrarekin" duten konpromisoa berritzeko ekimena. Gainera, ezberdinen arteko elkarrizketaren balioa nabarmendu du: "Hitz egiteak, entzuteak eta disonantzia onartzeak puntu komunak aurkitzera eramango gaitu, zalantzarik gabe, batzen gaituena balioan jarrita".

Bizikidetza taldeko kideei hitza eman aurretik, horren alde udalerrian egiten ari diren lana goraipatu du: "Talde hau, zalantzarik gabe, herriko elkarbizitzaren eragileetako bat da, biktimekin eta indarkeria jasan duten auzokideekin egiten duen lan nekaezinagatik. Gure esker on osoa beraientzat".

'Auzotasuna', lehen urratsa

Mari Karmen Ormazabalek eta Jexux Artetxek Auzotasuna eta bizikidetza izeneko gogoeta partekatu dute Askatasunaren parkean elkartu direnekin. "Lasarte-Orian esanahi berezia du azaroaren 10ak, gure historia hurbila ere izan baita minaren, isiltasunaren eta auzokideen arteko bizikidetza berreraikitzeko ahaleginen eszenatoki". Ildo horretatik, eragile horretako kideek uste dute euren ibilbidea ongien laburbiltzen duen hitza auzotasuna dela: "Ikasi dugu bakea ez dela hitzaldi handietan eraikitzen, eguneroko keinu txikietan baizik: agurtzean, besteari entzuteko gaitasunean, bere mina aitortzean nahiz eta gure ideiak partekatu ez...". 

Adierazi dute auzotasuna ez dela soilik jarrera etiko bat: "Gure kulturan errotutako bizitzeko modu bat da. Auzokideen arteko eraikuntza komunitarioa izan da euskal herri, eskola, bide, ohitura eta elkarren laguntzako sareak eraikitzeko modua". Hori horrela izanik, ongia ez da goitik agintzen; behetik ehuntzen da. "Auzotasuna ahultzen den tokian demokrazia ahultzen da, eta sendotzen den eremuetan konfiantza eta askatasuna loratzen dira".

Taldearen sorrera ere izan dute hizpide: "Bere garaian, indarkeriak eta beldurrak kalte egin zioten edozein komunitatek behar duen konfiantza sareari. Horregatik, helburu sinple eta sakon batekin sortu genuen foroa: auzokide gisa berriz elkar ezagutzea, ideologia desberdinen gainetik. Auzotasuna berreskuratzea izan da bizikidetza berreraikitzeko lehen urratsa". 

Urteotan guztietan biktimen testigantzak entzun, hausnarketak partekatu eta erakusketak nahiz eskolako topaketak antolatu dituzte Bizikidetza taldeko lagunek. Ikusi dute hitz egiteak, begiratzeak eta elkar entzuteak "eraldatu" egiten duela. "Istorio bakoitzak bere pisua du, kontakizun bakoitzak errespetua merezi du. Oroimena ez da inposatzen; elkarrekin partekatzen, zaintzen eta eraikitzen da". 

Horregatik guztiagatik, Memoriaren egunean atzera begiratzeko ariketa egin dute baina ez "tristuraz", baizik eta "esker onez eta konpromisoz". Sufritu dutenei eta beren esperientzia partekatzeko ausardia izan dutenei eskerrak eman dizkiete eta "bizikidetza ehuntzen jarraitzeko konpromisoa" berretsi dute, "axolagabekeriari eta erresuminari tokirik ez utzita". 

Hausnarketak partekatu ostean minutuko isilunea egin dute eta Lurdes Iriondoren Askatasuna, zertarako? abestu dute bertaratutakoek, eskuetan zituzten arrosa zuriak eskultura azpiko lorontzian mimoz jarri bitartean.

Erlazionatuak

Memoriaren eguneko ekitaldiaren bideo laburpena

Txintxarri Aldizkaria aza 10, 13:44 Politika