Argi utzi behar da zein den faxisten asmoa horrelako agerraldiekin. Ez, asmoa ez da probokazioa –ez hori bakarrik, bederen–; aitzitik, gero eta posizio gehiago hartzea dute helburu, gero eta espazio gehiago okupatzea eta haien jarduna gero eta gehiago normalizatzea. Horixe da, hain zuzen ere, beste alde batera begiratzeak lekarkeena: normalizazioa eta ondoriozko zilegitasun erantsia. Argi izan behar dugu ez dutela haien asmoetan besterik gabe etsiko. Hilaren 7an gure herrian izan zen, eta hurrengoa beste edonon izan liteke.
Halaber, lerrook baliatu nahiko nituzke udalaren hipokrisia salatzeko. “Agenda atzerakoien” aurkako adierazpena izenpetu eta aldi berean horiei aurka egiteko asmoz antolatutako ekimen agitatiboak isilarazten ahalegintzen da gogotik, eta zer eta herritarrak isilik egotera eta beste alde batera begiratzera hauspotzen ditu. Aurpegia behar da, gero, adierazpen berean indar atzerakoiek herrian lekurik ez dutela esan eta zenbait lerro geroago inakzioa sustatzeko. Nola lortu nahi dute, bada, faxistak gurera ez itzultzea?
Antolakuntzaren beharra agerian geratu da beste behin ere, eta faxismoari, ezinbestean, bide oro itxi behar zaiola ere bai.