Genozidioa hitza behin eta berriro errepikatu dute manifestariek, hizki larriz eta ozen, erdigunean barrena burutu duten ibilbidean nahiz Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimeneko kideek amaieran irakurri duten komunikatuan. "Urriaren 7tik bi urtera, faxista ankerrenek soilik uka dezakete Gazan gertatzen ari dena". Hori esanda, kargu hartu diete denbora horretan guztian "errealitatea onartzea" kosta izan zaien eragile, sektore eta erakundeei. Herriko udal gobernua kudeatzen duten PSE-EE eta EAJ alderdien adibidea jarri dute: "Bi urte behar izan dituzte euren ekimenez mozio bat aurkezteko, eta, bitartean, herri ekimenek proposatu nahi izan dituztenak blokeatu dituzte eta oraindik ere horretan jarraitzen dute", joan den osteguneko ohiko udalbatzar saioari erreferentzia eginda.
Zehaztu dute ez dela gauza bera genozidio bat onartzea eta horretan norberak duen inplikazioa aitortzea, ez eta hori "hitzen bidez soilik" salatzea edo esandakoa "ekintzetara eramatea eta koherente izatea". Eusko Jaurlaritzari (EAJ eta PSE-EE daude agintean erakunde horretan ere) eta CAF enpresari honakoak galdetu dizkiote, hurrenez hurren: "Noiz etengo dituzte harreman diplomatiko eta ekonomikoak Israelgo estatu sionistarekin? Noiz bukatuko dituzte erlazioa eta odolez zikindutako negozioak?".
Konponbidea, "Israel desagertzea"
Bi urteren buruan su etena sinatu berri dutela gogoratu dute ondoren, baina mesfidati: "Gutxik sinetsi ditzakete Israelgo estatuaren hitzak". Salatu egin dute Gazan aurrera eramaten ari den sarraskia: "Konflikto egoera amaituko balitz ere, Gaza berreraiki egin beharko dute milaka tona hondakin eta bonbaren gainean, sendaezina den herrialde oso baten zauriaren gainean". Horri lotuta, aipatu akordio hori "beste hasiera bat besterik ez da" palestinarrentzat, eta, horregatik, "nazioarteko presioa" areagotu egin behar dela uste dute herri ekimeneko lagunek.
Su eten egoera eta palestinarren aurkako genozidioaren amaiera bermatzeko modu bakarra, manifestarien iritziz, Israelgo estatua "erabat eta betiko" desagertzea da. "Bi urteotako bilakaerak garbi utzi digu ez dagoela beste irtenbiderik, estatu hori existitzen den artean jarraituko dutelako kolonialismoak, zapalkuntzak eta sarraskiak, palestinarrenak nahiz inguruko herrialdeetako biztanleenak".
Amaitzeko, gure udalerrikoaren gisako herri ekimenen indarra aldarrikatu dute: "Borroka eginez lortu dugu iritzi publikoa Palestinaren alde lerratzea. Suntsi dezagun Israel! Ibaitik itsasora, Palestina libre!", oihukatu dute. Okendo plaza bete duten herritarrek txaloak jo dituzte orduan.
Manifestazioarekin bat egin duten ehunka herritarrei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek eta honakoa ohartarazi diete: asanblada irekia egingo dutela datorren asteko ostegunean, hilak 23, 19:30ean, Askatasunaren parkeko Palestinaren murala dagoen txokoan. Hurrengo ekimenak bilera horretan antolatuko dituzte.
Lanuzteak eta mobilizazioak
Gaurko eguna Palestinaren aldeko elkartasun itsaso bilakatu da, egun osoz nahiz txanda jakin batzuetan Hego Euskal Herri osoan burutu dituzten lanuzteei eta mobilizazioei esker. Milaka eta milaka lagunek parte hartu dute eta tartean izan dira lasarteoriatar ugari, jakina, batez ere Donostian aurrera eraman dituzten ekintzetan; horietako askok gaur arratsaldeko manifestazioan ere parte hartu dute.
TXINTXARRI aldizkariko lantaldeak bat egin du greba deialdiarekin eta 11:00etatik 15:00etara arte lanik ez du egin. Saltokietan, enpresetan, lantegietan, hezkuntza zentroetan... ere lanuzteak burutu dituzte, esate baterako, Michelinen. Beste zenbait tokitan, ekintza sinbolikoak egin dituzte, hala nola Atsobakar egoitzako langileen eta egoiliarren minutu bateko isilunea.