Antolatzaileak ez dira bakarrik egon; alboan izan dituzte lasterketa babesten duten enpresa, merkatari eta erakundeak. Aterpeako ordezkariak ere bertan izan dira, 2019an hartutako ohitura mantenduz, kategoria ezberdinetan podiuma osatzen duten parte-hartzaileen artean 1.200 euro banatuko baitira Aterpeako komertzioetan erabiltzeko erosketa txarteletan.
Eta horiez gain, aurten 1 dortsala eramango duten Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimeneko ordezkariak ere izan dira. “Palestinako herriaren aurkako genozidioaren aurrean ezin dugu beste alde batera begiratu, ezin dugu epel jokatu. Zentzu horretan, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak egin duen ibilbidea txalotu eta babestu nahi dugu, batez ere bi urte hauetan Gazan gertatzen ari den sarraskia salatu eta ikusarazteko egin duen lanarengatik. Gure txikitasunean, krosak izan dezakeen bozgorailua Palestinaren aldeko aldarrikapena egiteko uztea erabaki dugu, eta, 28. edizioko 1 dortsala Herri Ekimenak eramango du aurten”, horrela arrazoitu dute erabakia antolatzaileek.
Herri mugimendiko kideek pozarren hartu dute aitortza: "Ostadarrek antolatzen duen kros herrikoia hitzordu garrantzitsua da lasarteoriatarrontzat kirola, jaia eta aldarrikapenak gurutzatzen diren eguna izaten baita. Krosean korrika egiteko 1 zenbakidun dortsala gure herri ekimenari eskaintzeak adierazten du Ostadar SKTko lagunek Palestinan Israel burutzen ari den genozidioa argi eta garbi ikusten dutela eta egoera horri aurre egiteko euren alea jarri nahi izan dutela. Horregatik eman digute 1 zenbakiarekin eta Palestinaren alde korrika egiteko aukera. Aukera benetan ederra da Lasarte-Oriako krosa kirol ekitaldietatik ere halako injustizien kontra egin daitekeela erakusteko”.
Rollerrak eta ipar martxa
Lasterketa nagusian korrikalariek ohiko hamar kilometroko ibilbidea egingo duten arren, ez da horrela izango ipar martxako kideen kasuan. Kiroldegi berria egiteko lanak direla eta, itxita dago ibai ondoko bidegorria eta bost kilometroko bidea mantentzeko, Zumaburu auzoan luzatuko da.
Horrez gain, aurten korrikalari eta ipar martxako kirolariez gain, patinatzaileak ere egoteko ahalegina egingo dute antolatzaileek. Ez dakite lortuko duten. Donostian egiten den lasterketa bat dataz aldatu zuten iaz, eta aurten ere egun bereran lehiatuko da. Gipuzkoako Roller Txapelketarako puntuagarria da, gainera, eta horregatik maila onean dabiltzan patinatzaileak bertara joango direla aurreikusten dute Ostadarreko kideek. "Baina, gure lasterketa herrikoia da, eta, roller-herrikoiak, Gipuzkoako Txapelketan parte hartzeko bere burua ikusten ez dutenak, animatu nahi ditugu gurean parte hartzera”, azaldu dute eta azken erabakia, parte hartzaile kopuruaren arabera hartuko dutela aurreratu dute.
Izen ematea eta dortsalak
Lasterketa ezberdinetan izena emateko aukera zabalik dago dagoeneko kirol elkartearen webgunean eta hilaren 20tik 24ra, Mercero aretoko erakusketa gelan dortsalak eskuratzeko aukera izango da, 17:00etatik 19:30era. Lasterketa bezperan, aldiz, Michelingo kirol gunera lekualdatuko da bulegoa, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era; lasterketa egunean ere, 09:00etatik 10:00etara egongo da irekia. Eta bertan jaso ahalko da kamiseta teknikoa.
Prezioari dagokionez, 10 euro ordaindu behar dute Ostadarreko bazkideek eta gainerako guztiek 15 euro. Lasterketa egunean, aldiz, 23 euro izango dira. Lasterketako parte hartzaileek Lasarte-Oriako taberna, jatetxe, okindegi eta bestelako dendek eskainitako oparien zozketetan parte hartzeko aukera izango dute; Reala, Bera Bera Eskubaloia eta Gipuzkoa Basket ikusteko txartelak ere zozkatuko dituzte.
Kros festa
Korrika Festaren 23. edizioaz gozatzeko aukera izango dute etxeko gazte eta txikiek. 12:00etatik aurrera 2010 eta 2015 urteen artean jaiotako 1.000 neska-mutil inguru espero dira korrika sei kategoria ezberdinetan. Adinaren arabera distantzia ezberdineko probari egingo diote aurre; 1.200 eta 100 metro arteko ibilbideak izango dira.
Korrika Festan parte hartu nahi dutenek hilaren 20tik aurrera egin ahalko dute inskripzioa, Merceroko erakusketa gelan edo azken egunetan Michelin kirol gunean. Zazpi euro ordaindu eta trukean kamiseta tekniko bana jasoko dute bertan; lasterketa amaitzean, aldiz, bestelako opariak izango dituzte.