Dortsalak paparretik zintzilik agertu dira haur eta gazte guztiak, eta Ostadar SKTko korrikalari nagusiagoek gidatuta ekin diote bideari. Ohi bezala, taldeka lasterka egin dute; multzo bakoitzak bere adinari egokitutako distantzia egin behar izan du. Giro alai bezain jolastia nagusi izan da, baina, izan da ere tarteka lehiakor agertu den korrikalaririk. Helmugaratzen lehenak edo azkenak izan, senide eta lagunez bete da ibilbidea, eta horiek guztiek hauspotuta iritsi dira denak ala denak. Hizlari aritu direnak ere animoak eman eta eman aritu dira hasieratik bukaerara. Lasterketa amaituta, berriz, eta indarrak berreskuratzeko, jaki goxoak eman dizkiete Jalgune elkarteko lagunek, Okendo plazan.
Korrika festak urtez urte erakutsi eta berresten du lasterketa nagusiak etorkizun oparoa duela.