Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia eta Korrika Festa iristeko irrikitan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko urriaren 24a

Iritsi da urriko azken asteburua eta horrekin batera, ordu aldaketaz gain, Lasarte-Oria Bai! herri krosa 

Korrika egiteko arropa eta zapatilak jantzi, dortsala egokitu eta beroketa modura erdigunera lasterka joan. Izango da azken momentuan Michelin kirol gunean zenbakia jasoko duenik ere. Hori horrela, 10:30ak baino lehen Geltoki kaleko irteera puntu inguruan kroseko parte hartzaile ugari izango dira azken beroketak egin eta hasierako pistola tiroaren zain multzoan lekua hartzen dutenak.

Irteera puntua igaro, Lasarte-Oriako auzo gehienak zeharkatu eta Zubietan barrena Okendo plazan amaitzen den hamar kilometroko ibilbidea izango dute aurretik.

Martxalarien bidea

Aurten antolakuntzak roller lasterketa berreskuratzeko ahalegina egin arren, ez da patinatzailerik izango Lasarte-Oria Bai! krosean. Beraz, lasterketariez gain, ipar martxako kirolariak izango dira lehian. Lasterketa nagusiko irteeraren ostean hasiko dira martxan eta bost kilometroko bidea egingo dute Lasarte-Orian barrena.

Kroseko aurkezpenean jakitera eman zuten modura, kiroldegi berria egiteko lanak direla-eta, ibai ondoko bide gorria itxita dagoenez, ibilbideak moldaketa bat izango du. Ikus albisteari atxikia doan mapa. Kale Nagusitik Dorre parkean barrena ibai aldera jo beharrean, Zumaburu auzoan sartuko dira modalitate horretako kirolariak, lasterketa nagusikoak bezala. Arantzazuko Ama eliza igarotakoan eskuinera, ibai ondora egingo dute Erribera kaleko etxabeetako bide gorria hartzeko. Bertatik kiroldegi berriko lanetara arte jarraituko dute bidea eta kirol gune ondoko Blas de Lezotik Geltoki kalera egingo dute, helmugako zuzengunea egiteko.

Haurrak ere, lasterka

Lasterketa nagusiko sari banaketa amaitzean, herriko gazteek Korrika Festari emango diote hasiera. 

Erdiguneko kaleetan 2010. urtetik 2020.era jaiotako haur eta gazteak protagonista izango dira. Adinaren arabera, ehun metrotatik 1.200 metrotara doazen ibilbideak egingo dituzte eta haur edo gazte kopurua kontuan izanik, proba ezberdinak izango dira. Ikus orduak, taldeak eta ibilbideak ondoko irudian.

Helmugara iristean, gainera, guztiek izango dute saria; Jalgune elkarteko kideek banatuko dituzte.

Dortsalak eta izen ematea

Krosean edo Kros Festan oraindik izena eman ez duten korrikalari edo martxalariek, azken egunak dituzte aurretik.

Gaur, hilaren 24an, 17:00etatik 19:30era Mercero guneko erakusketa gelan eskuratu ahalko dira dortsalak. Lasterketa bezperan, aldiz, Michelin kirol gunean, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:30era eta lasterketa egunean, 09:00etatik 10:00etara. 

Prezioei dagokienez, Lasarte-Oria Bai! Kros herrikoieko dortsalak 10 euro balio du Ostadarreko bazkideentzat, eta, 15 euro, gainerako kirolari guztientzat. Lasterketa egunean izen ematen duenak, aldiz, 23 euro ordainduko ditu. Kros Festaren dortsalaren kasuan, 7 euro balio ditu.

Erlazionatuak

Lasarte-Oria Bai! Kroseko ibilbideak

Txintxarri Aldizkaria urr 24 Kirola