Palestinarren aldarria ozen entzungo da Krosean

Nerea Eizagirre 2025eko urriaren 24a

Duela bi urte sortu zen Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimena 2023ko urriaren 7an jazotako gertakarien harira. Denbora tarte horretan ekimen ugari eraman dituzte aurrera Gazan palestinarrak bizitzen ari diren egoera argitara eman eta salatzeko. Aurten 1 dortsala eramango du herri mugimenduak Lasarte-Oria Bai! Krosean eta taldekide Tomax Arruti eta David Penarekin solastatu gara taldearen gainean gehaigo jakiteko

Arrutik eta Penak azaldu digutenez, talde txiki batek jarri zuen egungo Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimaneran hazia; egun dozena bat kide dira: "Ikusi genuen israeldarrak Gazan sartu zirela eta palestinarrak erailtzen ari zirela. Herriko jende ezberdina elkarrekin hizketan hasi eta herri mailan momentuan zegoen egoera eta etorriko zena, zoritxarrez, salatzeko zerbait egin behar genuela erabaki genuen. Gutxi batzuk hasi ginen, lau bat pertsona. Gero, pixkanaka, taldea handitzen joan da".

Horrela kalera atera eta jarduera ezberdinak egiten hasi sziren eta herritarren harreragatik pozarren daude: "Gu pozik batez ere, bizilagunek eman duten erantzunarengatik. Herriko elkarte ezberdinetatik babesa jaso dugu. Hutsune batzuk nabari ditugu, baina etorriko da".

Manifestaziotik manifestaziora gero eta jende gehiago euren aldarrira gehitzen ari dela eta kaleetatik ere jendeak gelditzen dituela nabarmendu du Penak:"'Hurrengoa egiterakoan abixatu mesedez', eskatzen digute. Jendearengan pixkanaka-pixkanaka arrasto bat ari gara uzten eta hori garrantzitsua da". 

Izan ere, ekimeneko kideek azaltzen dutenez, euren helburua herri mugimendu zabal bat eratu eta ahalik eta jende gehienarengana iristea da. "Palestina gertatzen ari den genozidioa denoi eragiten digu, ideologikoki, politikoki, kulturalki... Azken manifestazioan ikusi da. Zoritxarrez jendea asko mugitzen ari da, zeren eta Gazan eta eremuan gertatzen ari dena gogorra da", adierazi du Arrutik.

Oraindik ere asko du herri ekimenak egiteko eta emateke dituzten pausoak zehazteko Askatasunaren parkeko etxabeetan dagoen Palestinako banderaren horma irudiaren ondoan asanblada irekia egin du taldeak bart, hilaren 23an. "Herritar guztiei irekitako ekimena izango da. Gero eta jende gehiago behar dugu, eztabaida hau kalean eta plazetan kokatzeko. Guztiek euren ekarpenak ekiteko aukera izango dute. Horrez gain, herri mailan etortzeko dauden egoerei nola aurre egin ere erabakiko da", aurreratu du Arrutik solasaldian. 

Penak nabarmentzen duenez, Palestinarren egoeraren salaketa kalean mantentzea erresistentziak Gazatik egindako eskaera bat da: "Jarraitu borroka defendatzen, zeren eta tamalez ez da bukatu. Ikusten ari gara Israelek su etena ez du errespetatzen. Arazoa ez da Netanyahu, ez da Trump; arazoa sionismoa eta inperalismoa dira. Hori suntsitu arte, Palestina arriskuan dago. Eta guk uste dugu, gure betebehar etikoa eta ideologikoa dela hori zabaltzea. Era pedagokikoan, hau tranpa bat dela azaltzea. Egunero ikustean ari gara hildako kopurua handitzen dela".

Eta horren harira, azaroan 6an, Lasarte-Orian Fayez Badawi FPLPko Europako bozeramaile ohiaren hitzaldia antolatuko dutela aurreratu dute: "Lehen lerrotik irakurketa eta hausnarketa egiteko aukera paregabea izango dugu". Laster emango dituzte horri buruzko zehaztasun gehiago.

Krosean, deialdia

Lasarte-Oria Bai! Krosa ere Palestinako auziaren erakusleiho bezala erabili du taldeak azken bi urteetan. Iaz, esate baterako, Palestinako banderak izan ziren presente kroseko helmugako zuzengunean eta lasterketan zehar ere pankarta bat eraman zuten taldeko kideek. Aurten, Lasarte-Oria Palestinarekin Herri ekimenak 1 dortsala eramango du; hiru kidek egingo dute lasterketa.

"Kristoren ilusioa egin digu horrelako herri ekimen batek Palestinarekiko elkartasuna adieraztea. Gure taldekooi eskaini digute dortsala egoera salatzeko", adierazi du Arrutik. Zera atxiki du Penak: "Lasarte-Orian egun sinbolikoa da; jende pila dago kalean, San Pedro Jaiak dirudite. Eta horren erdian, herritarrak sionismoarekin eta genozidioarekin ados ez gaudela bertan agertzea interesgarria, polita eta esperantzagarria da".

Dortsalaz gain, kirol jarduerak ematen dien ikusgarritasuna baliatuz Palestina eta bertako herritarrak presente egotea nahi izan dute herri plataformako kideek. Horretarako Cisjordania utzi behar izan zuen familia bat ere izango da lasterketako irteera zein helmugan: "Plataformakooi eskaini digute aukera krosean parte hartzeko, baina palestinarrei beraiei omenaldia egin nahi izan diegu".

Eta elkarteak lasarteoriatarrei ere deialdia egin die Palestinarekiko elkartasuna adierazteko. Horretarako, kroseko azken metroak korrika egiteko proposamena luzatu du herri ekimenak: "Lasterketa amaitzear dagoela, eskoben aurretik korrika egitea da ideia". Manuel Lekuona kultur etxe ondoan jarri dute hitzordua, 11:15ean.