Kirola sustatzea ez ezik, herriko merkataritza babestea dute helburu

Txintxarri Aldizkaria 2025eko urriaren 23a

Lasarte-Oriako Udalak eta Ostadar SKTk lankidetza akordioa egin dute igande honetan, hilak 26, aurrera eramango den Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoian herriko merkataritza babesteko; aipatu kirol elkarteak antolatutako kirol proba 2.420 eurorekin lagunduko du erakundeak. Lasterketako irabazleek, ohiko garaikurrik ez, Aterpea merkatarien elkarteko kide diren establezimenduetan erabiltzeko erosketa txartelak eskuratuko dituzte

Kirol hitzordu garrantzitsuenetako bat aurrera eramango du Ostadar SKTk igande honetan, hilaren 26an: XXVIII. Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Begi bistakoa da hitzordu horrek kirola sustatzea duela helburu, baina ez da hori, ordea, ekimen horren xede bakarra. Sorreratik izan du herri merkataritza sustatu eta babesteko konpromisoa ere, eta hori lortzeko ahalegina egiten du, urtez urte aipatu kirol eragileak; aurtengo aldian ere bide beretik jarraituko dutela iragarri dute antolatzaileek. Gauzak horrela, kirol elkarteak eta udalaren lankidetza akordioaren berri eman dute, prentsaurrean; bertan izan dira Ostadarreko ordezkari Aitor Azkonobieta eta Itziar Carrasco, Sozioekonomia saileko zinegotzi Nuria Fernandez eta Kirolak saileko batzordeburu Goizalde Pildain. 

Fernandezek esan du podiumera igoko direnek lasterkariek ohiko garaikurren ordez, Aterpea elkarteko kide diren establezimenduetan erabili ahal izango dituzten erosketa bonuak eskuratuko dituztela. Hala berretsi du hori Azkonobietak, eta honako adierazpenak egin ditu: "Ostadarrek helburu horretara bideratutako 1.200 euroko ekarpena egin du; ekimen hori tokiko merkataritza laguntzen jarraitzeko oso modu egokia iruditzen zaigu". Nabarmendu du, halaber, krosak “funtsezko bi zutabe" dituela: kirolarena eta soziala. 800 eta 900 partaide artean biltzea aurreikusten dute kirol elkarteko kideek, baina horientzako garrantzitsuena "herrian sortzen den giroa" da: "Bazkariak, kaleko mugimendua, giroa; horrek guztiak ematen dio bizia herriari”. Hala, “gertatzen ari den belaunaldien arteko erreleboa" ere mahaigaineratu du Ostadarreko kideak. 

Fernandezek, berriz, azpimarratu du udalaren, tokiko merkataritzaren eta kirolaren arteko lankidetzak erakusten duela Tratu on bat marka sailen eta "tokiko eragileen arteko lankidetza gune" bilakatu dela, eta horrek udalerriarentzat "onura soziala eta ekonomikoak" sortzen dituela. 

Kirol zinegotzi Goizane Pildainek hitz egin du gero. Balioan jarri du herrian kirola sustatzeko eta herritarren parte hartzea bultzatzeko Ostadar SKTk egiten duen "etenik gabeko lana". 

Lankidetza hitzarmenaren xehetasunak

Lasarte-Oriako Udalak 2.420 eurorekin lagunduko du aurtengo Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia. Babes ekonomikoaz gain, gainerako tokiko klubek bezala, Ostadarrek ere udalaren kirol instalazioak doan erabiltzeko aukera izango du, baita bere programak eta ekitaldiak garatzeko beharrezko materiala erabiltzekoa ere.

Amaitzeko, udal ordezkariek adierazi dute  aipatu laguntzak "udaleko sail ezberdinen arteko lana" islatzen duela, eta horrek, "Lasarte-Oriako kirol bizitzan zein ehun sozial eta ekonomikoan eragin positiboa duten ekimenak bultzatzeko aukera" ematen duela.