Urtaro honetan ere ikusaraziko dute tokiko merkataritzaren garrantzia

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 17a, 12:00

Martinez multimedia saltokian aurkeztu dute ekimena. Argazkia: Isaac Farre Rico.

Tokiko merkataritza dinamizatzea, saltoki horietan kontsumitzen duten bezeroak saritzea eta urtaro honetan ere kaleko giro ederra sortzea dira Aterpea merkatarien elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak lankidetzan prestatu duten udazkeneko festaren helburuak, antolatzaileek aurkezpen agerraldian jakinarazi dutenez. Eragile horretako bazkideen dendetan egiten dituzte prentsaurrekoak, txandaka, eta oraingo honetan Martinez multimedian (Uzturre plaza, 2) elkartu dira.

Ekimen horretara komertzio mordoa atxiki dira. Hilaren 20tik azaroaren 1era horietan kontsumitzen duten bezeroek parte hartuko dute zozketa batean; dendariek 1.500 euro banatuko dituzte bonuetan. Horren bidez, herriko kontsumoa bultzatu eta udalerriko ekonomia indartuko dituzte. "Udalerrian egiten dugun erosketa bakoitza gure merkataritza sarea sendotzeko eta kaleak bizirik mantentzeko modua da".

Tailerrak eta jarduerak

Ekimen sozioekonomiko hori girotze aldera, parte hartzaileek tailer eta jarduera ugari aurrera eramango dituzte hilaren 24an eta 25ean, goizez nahiz arratsaldez, "jendea alaitu eta dendetara erakartzeko".

Sustatzaileek hauek nabarmendu dituzte: orri markatzaileak apaintzeko saioa, eguzkitako betaurrekoen kanpaina, Gure udazkena tailerra, urdaiazpiko moztailea, dantza erakustaldia eta zuzeneko musika emanaldiak (kontzertu eta DJ bana). 

Egitaraua

Hilak 24, ostirala

  • 17:00etatik 19:30era, Lilula liburu dendan, orri markatzaileak apaintzeko saioa.
  • Egun osoan zehar, Multiopticas saltokian, eguzkitako betaurrekoen kanpaina berezia.

Hilak 25, larunbata

  • 11:00etatik 13:00etara, Amali jolas dendan, Gure udazkena tailerra.
  • Goiz osoan zehar, Arkupe tabernan, urdaiazpiko moztailea.
  • 14:00etatik 14:30era, Arkupe tabernan, Saito gimnasiko kideen dantza erakustaldia.
  • 17:00etatik 19:00etara, Okendo plazan, Aterpeako kideek txokolate jan herrikoia egingo dute Udazkeneko Aterpea lelopean.
  • 19:00etatik 21:00etara, Arkupe tabernan, Arka taldearen kontzertua.
  • 19:00etatik 22:00etara, Buenetxea taberna-kafetegian, DJ saioa.