Herria bizirik mantentzeko ezinbestekoak direla bistarazi dute tokiko establezimenduek, oraingo honetan, ospakizun kutsuko jarduera batekin: Udaberriko Festa. Bigarren egunean, besteak beste, herritarrek zuzeneko emanaldi ugari ikusteko parada izan dute: Radio Rebelde Covers Avenida taberna-jatetxean, Sinergy eta Stereo Rock Ama Brigitarren komentu aurreko plazatxoan (Arkupe tabernaren eskutik) eta DJen saioak Buenetxea taberna-kafetegian. Bitartean, asko eta asko izan dira txu-txu tren txuri-urdinera igo eta udalerri erdigunetik paseotxo bat eman dutenak; horren seinale, Okendo plazako geltokian egin dituzten ilarak.
Ilarak egin dituzte baita ere Okendon, barrualderako, Aterpeakoek euro baten truke eman dituzten txistorra pintxoak eta sagardo freskoa edateko. Txorizo muturrak parrillan erre dituzte eta hasieran sua bizi-bizi bazegoen ere, sukaldari lanak egin dituztenek lortu dute garrak gobernatu eta jaki bikainak prestatzea. Hori izan da aurtengo festako berrikuntza nabarmenena eta izan duen harrera ikusita, egitarauan finkatzea ez litzateke batere harritzekoa izango.