Hugo Amil lasarteoriatar gaztea Magisteritza Gradua ikasten ari da eta hirugarren mailan dago. Aurreko bi ikasturteetan ikasketa horiek eta Kumme elkartean egindako boluntariotza lana uztartu zituen. Irakasle gisa gauza ugari irakatsi zizkien ikasleei, baina baita haiengandik irakaspen mordo bat jaso ere. Proiektu horren sustatzaileek laguntzaile gehiago behar dituzten honetan, urratsa egin eta beraiekin harremanetan jartzera animatu ditu herritarrak.
Nola izan zenuen Kummeren berri eta zergatik animatu zinen boluntario gisa aritzera?
Oriarten nengoela izan nuen proiektu horren berri aurrenekoz, Batxilergoko bigarren mailan ikasten ari nintzela. Kurtso horretan ez nintzen animatu parte hartzera halere, besteak beste selektibitateko azterketak prestatzen ari nintzelako.
Hurrengo urtean unibertsitate ikasketekin hasi nintzen, Magisteritzakoekin, eta Kummeren egitasmoaz gogoratu nintzen. 'Deitu eta proba egingo dut' pentsatu eta Andrearekin [Garcia] jarri nintzen harremanetan. Joan nintzen egun batean, gustatu zitzaidan ikusi nuena eta nire ikasketa prozesurako esperientzia baliagarria izango zelakoan, animatu egin nintzen.
Gogoratzen zara aurreneko egunaz? Nolakoa izan zen?
Aurreneko egunean boluntario guztion arteko bilera bat egin genuen lanak antolatzeko eta gero hasi ginen ikasleekin lanean. Denbora pixka bat behar izan nuen dinamikara ohitu eta beraiekin harremana egiteko, aurreneko eskoletan beraien aurreko irakasleaz gogoratzen ziren askotan, baina martxa hartu genuen gero eta oso-oso gustura aritu naiz.
Zenbat denboraz aritu zara Kummen lanean?
Aurreko bi ikasturteetan, 2023-2024 eta 2024-2025. Astearte eta ostegunetan ematen nituen eskolak. Lehenengo kurtsoan, Lehen Hezkuntzako laugarren mailako gaztetxoei, eta hurrengoan, LH bosgarren eta seigarrengoei.
Zer lantzen zenuten eskoletan?
Batez ere eskolatik ekartzen zituzten lanekin laguntzen nien. Azterketa garaian, ikasi behar zutena antolatzeko eskemak egin eta ikasgai garrantzitsuenak identifikatzen genituen.
Zer-nolako esperientzia izan da Kummekoa zuretzat?
Unibertsitatean ikasten ari naiz eta hirugarren mailan nagoenez, ikastetxeetan praktikak egiten ari naiz, herriko Landaberri LHn eta Garaikoetxea-Landaberrin. Bertara joatean banekizkien gauza asko egiten, Kummen ikasi nituenak. Etorkizunean nire irakasle lana izango denaren simulakro moduko bat izan ziren bi ikasturte horiek. Esperientzia oso polita izan da.
Kummen aritu bitartean ikasitakotik, zer nabarmenduko zenuke?
Umeen arteko harremanak edota azterketa garaian ikasteko garrantzitsuena zer den kudeatzea. Eta baita ikasleen bilakaera ere, gugana 5eko notarekin etorri eta 9 edo 10ekoak ateratzea.
Boluntario gehiago behar dituzte Kummen. Nola animatuko zenituzke, adibidez, zu bezalako ikasleak egitasmoarekin bat egitera?
Badirudi munduaren beste puntaraino joan behar dugula laguntza ematera baina Lasarte-Orian ere egin dezakegu lan hori. Umeekin lan egitea gustatzen zaigunontzat oso esperientzia polita da eta pila disfrutatuko dute.
Horrez gain, aukera ona da gurea bezalakoak ez diren egoerak eta errealitateak ezagutzeko.
Kummen ikasle izan dituzun gaztetxoekin harremana mantentzen duzu?
Bai, askotan kalean topatzen ditut. Gainera, Kukuka eskolan dantza irakasten dut eta Kummen ezagutu nituen zenbait haur etortzen dira.