San Pedro parrokiaren goialdean dauden aretoak ikasgela bilakatzen dira astelehenetik ostegunera. Atetik sartzea besterik ez dago eskolako giroa arnastu eta entzuteko: buru-belarri ari dira lanean Lehen Hezkuntzako nahiz Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako dozenaka ikasle, bakoitzak bere eskolako lanekin. Zeregin horretan ez daude bakarrik, boluntario gisa jarduten diren zenbait irakasle dituztelako bidelagun, gazte nahiz heldu, unibertsitate ikasketak burutzen ari direnak zein ibilbide luze baten ostean jubilatuta daudenak baina sena bizi-bizirik dutenak. Horiek dira Irene, Pablo, Imanol, Mila eta Andrea, beste batzuen artean.
Azken biek egin diote harrera TXINTXARRI aldizkariko kazetariari, adeitsu. Pasioz laguntzen diete ikasleei eta pasioz esplikatzen dituzte Kumme egitasmoaren nondik norakoak. Aurreneko oharra, berriemailearentzat eta, oro har, lasarteoriatarrentzat, hauxe: "Elizaren instalakuntzak erabiltzen ditugu baina gurekin harremanetan jartzeko interesa dutenek ez dute zertan parrokiekin loturarik izan behar; proiektu irekia da, herritik eta herritarrentzat". Izaera anitza du, sustatzaileek ikasturtez ikasturte nabaritzen dutelako horrelako eremu baten zer-nolako premia dagoen udalerrian. 1998an eratu zuten egitasmo horren bidez "desabantaila akademikoan" dauden haurrei euren hezkuntza prozesua garatzen laguntzen diete. Gaztetxo horiek, zenbait arrazoi direla medio (sozialak, ekonomikoak eta kulturalak) ezin dute "aukera berdintasuna bultzatzen duten eta eskola porrota saihesten duten ohiko bideetara" iritsi. Gaur-gaurkoz, 60 bat ikaslerekin ari dira.
Arestian esan bezala, errefortzu eskolak San Pedro parrokiaren goialdeko geletan ematen dituzte. Proiektua aurrera eramaten dute Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuen sailarekin eta udalerriko ikastetxeekin lankidetzan; horiek dira erabiltzaileak Kummera bideratzen dituztenak. Gainera, Caritas eragilearekin elkartuta dago erakunde juridiko gisa eta EHU Euskal Herriko Unibertsitatearekin hitzarmena du. Horren bidez, irakasle boluntario izateko prest dauden ikasleek kredituak baliozkotu ditzakete, graduetako ikasketak egiten dituzten bitartean –ez dute zertan Magisteritzakoak izan, Andreak zehaztu duenez–.
Boluntario gehiagoren beharra
Matematika ikasi bitartean ikasleei planteatutako logika ariketa bat bailitzan, hauxe da dinamika: zenbat eta boluntario gehiago, orduan eta estudiante gehiagorengana iritsiko dira Kummeko parte hartzaileak. Laguntzaile taldea handitzeko lanean ari dira eta proiektuarekin bat egiteko deia zabaldu dute lau haizetara: "Ikasle nahiz jubilatu, lasarteoriatar zein beste udalerriren bateko biztanle, beso-zabalik hartuko ditugu lagundu nahi gaituzten guztiak", nabarmendu dute Andreak eta Milak. Interesa dutenek bide hauek dituzte harremanetan jartzeko: kummelasarte@gmail.com helbide elektronikoa edota 677 68 00 44 telefono zenbakia.
Kumme egitasmoaren barruan protagonista dira boluntarioak: gazteenei laguntzen diete heldu arduradunek, eurentzat erabakimena eta autonomia gorde bitartean, egitasmoaren "benetako egile" senti daitezen. Parte hartzen dutenek "hazkunde pertsonala eta gaitasunen garapena" izaten dituzte: "Autonomia pertsonala, proaktibitatea, erantzukizuna eta gatazkak konpontzeko gaitasuna" aipatu dituzte sustatzaileek. Horrez gain, lehen zehaztu bezala, Kummen lan egin bitartean sei kreditu baliozkotuko dituzte unibertsitateko ikasle direnek.
Boluntarioei eguneroko bizitzarako nahiz etorkizunean izango duten ogibiderako baliagarriak izango zaizkien balioen artean dago baita ere gizarte kontzientzia garatzearena. "Kummen borondatez parte hartzea funtsezkoa da gazteentzat, batez ere, gero eta indibidualistagoa den gizarte baten testuinguruan", nabarmendu dute Milak eta Andreak. Halaber, partaideei laguntzen die "euren inguruko aniztasunaz jabetzen" eta beste kide batzuekin batera lan egiteak "ahaldundu" egiten ditu: "Lan kolektiboak errealitatean eragitea eta hori aldatzea ahalbidetzen duela konturatzen dira". Gainera, "kalteberatasun egoeran" dauden kolektiboetako kideengana hurbilduta, "injustizia egoera batzuekiko sentsibilitatea eta enpatia" garatzen dituzte.
Eragile gero eta aktiboagoa
Ikasturtez ikasturte herrian egiten duten lan eskergaz aparte, Kummeko kideek Lasarte-Oriako Bizipoza taldearekin bat egin dute. Hori horrela, joan den kurtsoan kulturartekotasuna jorratu zuten eragile horren barruko gainerako taldeekin eta maiatzean Milakultura jaialdia aurrera eraman zuten Okendo plazan, egun osoz.
Elkarlana eta saretzea ere badira, beraz, komunitatea indartzen jarraitzeko Kummekoek erabiltzen dituzten beste tresnetako batzuk, "integrazio eta kohesio soziala" bultzatzen jarraitzeko bidean. Pasioa eta grina soberan dituzte; boluntarioak, ez horrenbeste.