Gaur herriko osasun etxean mediku bakarra dagoela salatu du LOOPAk

Txintxarri Aldizkaria 2025ko mar. 19a, 16:27

LOOPA Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Aldeko plataformak ohartarazpen bat bidali dio TXINTXARRI aldizkariari, eta jakinarazi, gaur mediku bakarra egon dela herriko anbulatorioan. Horrekin batera, gogorarazi du ia 20.000 biztanleko Lasarte-Oriari 12,5 mediku dagokizkiola

Egoera hori "larria" dela azpimarratu du aipatu eragileak, eta horri erantzuna eman asmoz, gutun bana igorri diete Osasun sailburu Alberto Martinez Ruizi, eta Osakidetzako zuzendari Susana Lopez Altunari. Eskutitz horien kopia bat bidali diote, baita ere, Agustin Valdivia alkateari.

Jarraian duzue LOOPAk igorritako gutuna:

 

Osakidetzako Zuzendaritzari


Lasarte-Oriako herritar eta Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde (LOOPA) plataformako kide garen aldetik, gustatuko litzaiguke gaur, martxoaren 19ko asteazken goiz honetan, gutxienez, Lasarte-Oriako anbulatorioan jasaten ari garen egoeraren berri ematea.

Gaur, Lasarte-Oriari esleitutako 12,5 kupo medikoetatik, mediku bakarra dago anbulatorio osoan. Mediku horrek, bere kupoa eta gainerako medikuena zaintzeaz gain, etxeko larrialdiak ere artatu behar ditu. Mediku horrek etxe batera joan beharko balu, eta une horretan bihotzekoa edo antzeko egoera larriren bat pairatzen duen norbait iritsiko balitz anbulatoriora, bistakoa da bizirauteko aukerak oso txikiak izango zituela.

Jakin badakigu Alkatetzak eta Osakidetzako Zuzendaritzak datorren ostiralean, hilak 21, egingo duten bileran muturreko egoera horren jatorriak aztertzeko aukera izango dutela eta, horrela espero dugu, txoke plan bat planteatzeko. Gure aldetik, zure esanetara gaude, behar izanez gero, laguntzeko.

Plataforma honek behin baino gehiagotan eta hainbat erakunde publikotan (Arartekoa, Udala, Osasun Saila, Osakidetza...) formalki ezagutarazi eta salatu duen egoera larri honen ondorioz sor daitezkeen erantzukizunen aurrean, Osakidetzako Zuzendaritza hori informatutzat ematen dugu mezu elektroniko honen bidez.


Lasarte-Oria Osasun Publikoaren Alde