Flotillako kideak askatzea eta bahitutako ontzietako laguntza humanitarioa Gazara iristea exijitu dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko urr. 2a, 20:29

Jende andana bertaratu da Okendo plazara.

Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimeneko kideek ekintza jendetsua burutu berri dute Okendo plazan; ehunka herritar bertaratu dira Palestinara iristear zen Global Sumud flotillako kideei elkartasuna adieraztera eta horiek aske uzteko nahiz Gazara zeramaten laguntza humanitarioa bertara iristeko exijitzera. Israelgo estatu sionistak egin duen enegarren erasoa deitoratu dute eta palestinarrak pairatzen ari diren genozidioa salatu dute.

Palestinar herriari elkartasuna adierazten jarraitzen dute lasarteoriatarrek. Gaur arratsaldean ugari izan dira Okendo plazara bertaratu direnak, Israelgo entitate sionistak bart gauean Global Sumud flotillaren aurka egindako erasoari erantzuteko. Ontzidi hori abuztuaren 31n abiatu zen Bartzelonako portutik eta 43 ontzitan zihoazen aktibisten helburuak ziren Gazari ezarritako "blokeo ilegala" haustea eta laguntza humanitarioa eramatea. Palestinako kostaldetik itsas milia gutxitara zeudela, ejerzitu israeldarrak bortxaz eraso zituen, ur kanoiekin eta ontzi bat baino gehiago kolpatuta. Bostehun ekintzaile inguru atxilotu zituen (530 ziren orotara, horietako lau euskal herritarrak). 

Israelgo estatu sionistaren enegarren eraso hori "aurrera daraman mehatxu eta gerra psikologikoaren parte" dela adierazi dute Lasarte-Oria Palestinarekin herri ekimeneko kideek. "Flotillaren elkartasun ekintzak nazioarteko zuzenbidearen babesa du baina Israelek horiek errespetatzeari muzin egin dio eta legea hausten jarraitzen du". Hori esanda, gogorarazi dute Gazako setioa "genozidioa" dela eta horren erantzule direla Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahu eta bere gobernuko kideak. "Ezin dugu ahaztu Auzitegi Penal Internazionalaren atxilotzeko agindua dutela genozida horiek, gizateariaren aurkako eta gerra krimenak leporatuta". Halaber, gogora ekarri dituzte NBE Nazio Batuen Erakundeko kide Francesca Albaneseren hitzak: "Gogorarazi berri die estatu eta instituzioei euren betebehar legala dela Israel egiten ari den genozidioa geratzeko neurriak hartzea".

Ariketa bera egin dute Okendon bertaratu direnek. Lasarte-Oriako, Euskal Herriko eta Europako norbanako, enpresa eta instituzioei honakoa eskatu diete: palestinar herria babestea; Israelen genozidioa babesten duten enpresa eta eragileak boikoteatzea; Israelekin harreman oro etetea; eta genozidioaren erantzuleak zigortzeko eskatzea. 

Ekintza amaitzeko, "Palestina, askatu!" oihukatu dute eta elkartasun txaloak jo dituzte, Ibaitik Itsasora Palestina libre. Entitate sionista sutara lelodun pankarta erakutsi bitartean.

Landaberrin ere, palestinarren alde

Okendokoa ez da udalerrian aurrera eraman duten elkartasun ekintza bakarra izan. Garaikoetxea-Landaberri nahiz Landaberri LH eskoletako ikasle, irakasle nahiz gurasoek Gure haurrak ere badira ekimenarekin bat egin dute eta kontzentrazioak egin dituzte patioan eta atarian, hurrenez hurren.