Eltzeek burrunba egin dute Palestinarren alde

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 6a, 11:45

Genozidioaren aurkako kontzentrazio zaratsua antolatu du Lasarte-Oria Palestinarekin Herri Ekimenak ostiral honetan, Okendo Plazan. 

Furiaz jo dituzte eltzeak eta lapikoak lasarteoriatarrek Genozidioa Stop. Palestina deskolonizatu. Entitate sionista desegin! lelopean Palestinarren alde antolatutako mobilizazio zaratatsuan. Hogei bat minutu iraun du burrunbak. Ehundaka herritar gerturatu dira Okendo plazatik euren "elkartasuna" adierazteko "Palestinako herriari, bere erresistentziari eta eraso inperialista sionista pairatzen dituzten beste herrialdeei" ere. Azken horren harira, Yemen gogoratu dute. Izan ere, bertako Lehen Ministroa eta hainbat gobernukide erail zituzten Israelek antolaturiko eraso batean, aurreko astean. 

Kontzentrazioarekin amaitzeko, euskaraz zein gaztelaniaz, manifestua irakurri dute. Tarte horretan, Mendebaldeko estatuen "konplizitate kriminala" salatu dute. Azken batean, Estatu Batuen eta Europar Batasunaren "baldintzarik gabeko babesari" esker, Gaza hiriko kontrol militar osoa bereganatzeko operazioa martxan jarri omen du erregimen sionistak, eta horretarako, 60.000 bat erreserbista mobilizatu.

Hori ez ezik, gaineratu dute kazetariak "inolako zigorrik gabe" akabatzen ari direla. 2023ko urriaz geroztik, 246 periodista hil dituzte, gutxienez. Palestina ezabatzearekin batera, lekukorik gabe egiteko asmotik jokatzen ari direla denuntziatu dute; historia berridazteko, ondoren. Alabaina, ez dutela lortuko irmoki defendatu dute herritarrek inoiz baino argiago geratzen ari baita "izan direna eta izaten jarraitzen dutena": ideologia kriminal, arrazista, inperialista eta genozida. 

Defentsak defentsa, adierazi dute Gazaren hondamendia ikustean sorturiko tristura eta inpotentzia antolakuntzan bilakatu behar dela; ahotsa altxatzea eta Gobernuei zein instituzioei aurre egiteaz gain, horiek mugiarazteko herri mugimendua delako bidea bidea. Era berean, gogorarazi nahi izan dute herritar oro dela arduradun; "egiten, esaten eta isiltzen" dugunak definitzen gaituelako. Hortaz, beti Palestinaren eta bere erresistentziaren alde kokatzera animatu dute. 

Erlazionatuak