Pil-pil erara egindako bakailaoa bezala, Sasoeta auzoko jaiak su txikitan egosi dituzte Sasoieta Sasoian auzo elkarteko zuzendaritza taldeko kideek (Jose Antonio, Ina, Ivan eta Antonio), mimo eta pazientzia handiarekin. Emaitza, itxura bikaina duen egitarau interesgarri, osatu, koloretsu eta zaporetsua. Sukalde lanak egin dituztenek izan dituzte laguntzaileak, hori bai: Lasarte-Oriako Udalak eta festak babestuko dituzten saltoki eta bestelako kolaboratzaileak. Horiei guztiei eskerrak eman dizkie lehendakariak, Jose Antonio Rey-k, eta, batez ere, agerraldira bertaratu diren Agustin Valdivia alkateari eta Festak saileko zinegotzi Txus Alonsori. Azken horrek zehaztu du erakundeak 3.788 euroko dirulaguntza emango diola auzo elkarteari, ekimen guztiak aurrera eraman ahal izateko. Lankidetza hitzarmena aste honetan edo hurrengoan sinatuko dutela ere aurreratu du.
"Sasoeta auzoa bihotzean daramagu zuzendaritza taldeko lau kideok, eta uste dut hori nabaritu dela festak antolatzeko garaian", esan du auzo elkarteko lehendakariak, harro. Txikia zeneko garaietako jaiak oroitu ditu gero, alkatearekin batera, biak baitira izatez auzotarrak: "Mota askotako barrakak, xexenak Andatza plazan... eta esango nuke urteren batean boxeo gau bat ere egin zutela". Hamarkada ugariren ostean festak antolatzeari utzi zioten auzotarrek baina hori iraultzea erabaki zuten zenbait bizilagunek 2016an, Sasoeta Sasoian eragilea sortu eta ospakizun egun horiek berrartzeko. Jo eta ke ari dira ordutik (pandemiaren urteetan salbu, noski) komunitatearen alde lanean.
Segidan, aurtengo jaietarako prestatu duten egitaraua azaldu du Reyk, jardueraz jarduera. Horietako zenbait berriak direla nabarmendu du, hala nola udalerriko elkarte gastronomikoetako sukaldarien arteko pil-pil erara egindako bakailao txapelketa. "Hamar egoitza gonbidatu ditugu eta horietatik zazpik esan digute baietz oraingoz", zehaztu du. Kozinatzeko materiala auzo elkarteak emango die eta erabiliko duten arraina herrian dagoen Aldika gutizia enpresarena izango da. Eskulana eta produktua, biak hementxe bertakoak, beraz. Igande goizean aurrera eramango dute, beste nobedadeetako bat izango den bigarren eskuko liburu azokarekin batera, "herritarrek etxean dituzten liburuei beste erabilera bat emateko asmoz" antolatu dutena. Hirugarrenik, barrakak ekarriko dituzte gaztetxoak eta hain gaztetxoak ez direnak dibertitu daitezen. Ekimen horiek guztiak Andatza plazan egingo dituzte, "festen erdigunean".
Omendua, Udaberri elkartea
Ikusteke dago bakailao txapelketako lehen saria Udaberri elkarte gastronomikoko sukaldariek irabaziko duten ala ez, baina, horrela ez balitz ere, beste aitortza garrantzitsu bat gutxienez bermatuta dute: jaietako pregoia irakurriko dute, eurak omentzea erabaki duelako antolakuntzak. "Saustatxo, Extremadurako Etxea eta Xirimiri elkarteek bezala lan izugarria egiten dute auzoa dinamizatzeko", argudiatu du Reyk.
Txupinazoaren eta pregoiaren ostean beste hamaika jarduera egingo dituzte igande eguerdiko azken traka ailegatu bitartean. Horien guztien artean "zuzeneko musikaren aldeko apustua" nabarmendu du auzo elkarteko lehendakariak. Agerraldia amaitzeko alkateak hartu du hitza eta eskerrak eman dizkie aldamenean zituen Sasoeta Sasoianeko kideei: "Gurea da egiteko errazena, zuei laguntzeko dirua ematea; zailagoa da antolatu duzuena bezalako egitaraua prestatzea, adin tarte guztietako herritarrentzat".
Elkar agurtu aurretik, astebururako "eguraldi ona" eskatu dute denek.
Egitaraua
Ostirala, urriak 3
- 18:00etan, txupinazoa eta pregoia, Andatza plazan. Udaberri elkartea omenduko dute antolatzaileek.
- 18:10ean, gaztetxoentzako kirol jarduerak, Los Chavales de Martija elkartearen eskutik, Uzturre plazan.
- 18:30ean, txokolate jana, Aitonak okindegiaren eskutik, Andatza plazan.
- 19:00etatik aurrera, arratsalde pasa egiteko saioa, DJ Ina-ren eskutik.
- 22:00etan, zezensuzkoa, LOZET elkartearen eskutik, Andatza plazan.
- 22:30ean, Devil Records taldearen kontzertua, Andatza plazan.
- 00:30ean, DJ Txolas-en saioa, Andatza plazan.
Larunbata, urriak 4
- 11:00etan, haurrentzako eta helduentzako futbolin txapelketa, Jaizkibel enparantzan.
- 11:00etan, VII. Patata Tortilla Txapelketa, Andatza plazan. Tortillak 12:00ak arte jasoko dituzte antolatzaileek.
- 12:00etan, erraldoiak, LOZET elkartearen eskutik.
- 12:00etan, Extremadurako ogi apurrak, Virgen de Guadalupe Extremadurako Etxeko kideen eskutik.
- 14:30ean, bazkari herrikoia, Andatza plazan.
- 16:00etan, mus txapelketa, Txoko tabernan. Parte hartu nahi duten bikoteek bertaratu eta izena eman beharko dute.
- 16:00etan, aldibereko xake txapelketa, Taula Xake Klubaren eskutik, San Marcial enparantzan Sasoeta Sasoianek duen egoitzan.
- 18:00etan, pintxo-potea, auzo elkarteak Andatza plazan jarriko duen tabernan.
- 18:30ean, danborrada, Andatza plazatik abiatuta.
- 19:00etan, arratsalde pasa egiteko saioa, DJ Inaren eskutik.
- 22:00etan, zezensuzkoa, LOZET elkartearen eskutik, Andatza plazan.
- 22:30ean, Correcaminos taldearen kontzertua, Andatza plazan.
- 00:30ean, Stereo Rock taldearen kontzertua, Andatza plazan.
Igandea, urriak 5
- 11:00etan, pil-pil erara egindako bakailao txapelketa, Andatza plazan.
- 11:00etan, bigarren eskuko liburuen merkatua, Andatza plazan.
- 12:00etan, buruhandiak, LOZET elkartearen eskutik.
- 13:00etan, haurren danborrada, Jaizkibel enparantzan.
- 13:30ean, sari banaketa eta zozketa, Andatza plazan.
- 14:00etan, azken traka, Andatza plazan.