Gazte Kluban eta Kuadrillategin, izen emateak martxan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 24a, 08:00

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte-Oriako Udalak, elkarlanean, herriko haur eta gazteei zuzendutako eskaintza zabala prestatu dute, aisialdia euskaraz bizitzeko aukera izan dezaten. Lau programa dituzte aukeran, adinaren arabera: Amaraun Kluba, Gazte Kluba, Kuadrillategi eta Faktoria

Programetan izena emateko epea irekita dago eta, urtero bezala, "arrakastatsua" izango dela ziur daude antolatzaileak. Programak doakoak dira eta ikasturtean elkartuko dira.

Amaraun eta Gazte klubak

Amaraun Kluban 2 eta 8 urte arteko haurrek parte hartuko dute, Gazteenek (HH3 eta HH4) umeekin ipuin kontaketa saio bereziak aurrera eramango dituzte, irudimena euskaraz landu eta gozatzeko. Koxkortuago daudenek, berriz, (HH5etik LH2ra arte), tailer hezigarri eta dinamikoak egingo dituzte: magia, sukaldaritza, laborategi saioak, eta abar.

9 eta 12 artekoak (LH3-LH4-LH5 eta LH6), Gazte Kluban elkartuko dira, hamaika jolas nahiz tailer egiteko. Ostiralero 17.30etik 19.30era ekintza ezberdinak egingo dituzte, baita bereziagoak izango diren abenturak ere, asteburu eta oporraldi garaietan: irteerak, esperimentuak edota Natur Ekintzak, besteak beste. Aurten, gainera, Ahobero egitasmo berrian parte hartu ahalko dute, asteazkenetan; helburua mingaina dantzan jartzea izango da, ondo pasatzeko elkartu bitartean. Aurreneko Saioa urriaren 3an izango da eta ezinbestekoa izango da izena ematea hilaren 26tik urriaren 1era. Esteka hau erabili beharko dute herritarrek horretarako: www.labur.eus/gkluba

Norbaitek zalantzarik balu edo informazio gehiago nahiko balu, aisia@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 92 telefono zenbakira deitu dezake.

Kuadrillategi eta Faktoria

Nerabeen aisialdia dinamizatzeaz Kuadrillategi eta Faktoria programak arduratuko dira. DBH 1. eta 4. maila artekoak ariko dira lehenengoan: saio arruntak ostiraletan aurrera eramango dituzte, 19:00etatik 21:00etara, eta bereziak, kurtsoan zehar. Taldeetako kideekin hitz egin, eta haiek nahi dutenaren arabera programatuko dituzte Ttakun KEko arduradunek. Horrez gain, "beste herri batzuetako gazteekin" elkartuko dira noizean behin.

Izena emateko azken eguna hilaren 30a izango da, asteartea. Sarean egiteko hemen

Faktoria laster jarriko dute martxan. Proiektu bat hautatuko dute eta hori landuko dute, bi ostiralean behin. 

Azken bi egitasmo horiei buruzko xehetasun gehiago nahi dituenak bi bide ditu Ttakuneko kideekin harremana egiteko: ktglasarteoria@ttakun.eus helbidera idaztea edo 943-37 14 48 telefono zenbakira deitzea.