Urte saio honetan ohikoa den moduan, Lasarte-Oriak atzera egingo du denboran asteburu honetan, hilaren 19, 20 eta 21ean. IX.Xkobeo Erdi Aroko Aozka aurrera eramango dute, eta horretarako prestatu duten egitarauaren berri eman dute, gaur eguerdian antolatzaileek. Bertan izan dira ekimenaren antolatzaile Pedro Carrasco eta Asier Velasco, Agustin Valdivia alkatea eta Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicechea.
Jakinarazi dute ehun artisau baino gehiagok parte hartuko dutela aurtengoan eta horiek guztiek eskaintza zabala egingo dietela bertaratzen diren guztiei. Kale animatzaile gisa aritiko dira batzuk, eta zuzeneko musika emanaldiak eskainiko dituzte beste batzuk. Horiekin batera, tailerrak emango dituztenak, eta familia osoarentzako ikuskizunak egingo dituztenak ere ez dira faltako. Antzinako lanbideez ikasteko aukera ere izango dute bisitariek, hala nola, errementarien, egurra lantzen dutenen edota botika tradizionalak egiten dituztenen lanak zuzen-zuzenean ikusteko aukera izango baitute. Jakinarazi dute ere, haurrentzako gune tematikoak egongo direla, horientzat prestatutako jolasekin goza dezaten.
Horrez guztiaz gain, artisau produktuak ezagutu eta erosteko aukera ere izango dute bertaratzen direnek, izan ere, askotariko eskaintza egingo duten postu ugarik osatuko baitute aurtengo azoka ere.
Velascok esan du, Lasarte-Oriako azoka "erreferentea" dela. Hala, gaineratu du urtero ikuskizun eta tailerren eskaintza zabaltzen dutela, publikoak "esperientzia ezberdin eta parte hartzailea" izan dezan. Gauzak horrela, eta berritasun gisa, esan du Eskoziako musika ekarriko duen hogei kidez osatutako talde madrildar bat arituko dela herrio kaleetan barrena.
Ainara Elicecheak bere aldetik aipatu du aipatu egitasmoa "ezinbesteko" bihurtu dela udalerriarentzat: "Bisitariak erakartzeaz eta tokiko ekonomia dinamizatzeaz gain, gure auzokideei kulturaz eta aisiaz gozatzeko aukera ere ematen die".
Brigitarren komentuaren 350. urteurrenarekin batera
Aurtengo azokak, gainera, Brigitarren komentuaren 350. urteurren ospakizunekin bat egingo duela ere gogora ekarri dute antolatzaileek. Horren harira, antolatzaileek jakinarazi dute, kale animazioek eta musika emanaldi ibiltariek komentuko jarduerei ahalik eta gutxien eragin diezaien egitarauko zenbait ordutegi moldatu dituztela.
Agerraldia amaitutzat eman aurretik, herritarrak egitasmoan parte hartzera animatu dituzte.