Amaitu dira Extremadura Etxeko Jaiak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 14a, 20:00

Guadalupeko Ama zaindariaren omenezko jaiak antolatu ditu Extremadura Etxeak aste osorako. Igandearen iritsierarekin batera, ospakizunen amaiera ailegatu da. 

Igandeak jardueraz beteriko asteburuaren amaiera ekarri du. Hori ez ezik, jaien finala ere. Goizean haurrak askotariko jokoetan aritu dira. Aulki musikatuak, zakuen eta arrautzen lasterketa. Bi taldetan banatu dira; alde batetik, zazpi urtetik beherakoak, eta bestetik, zazpi urtetik gorakoak. Jolas bakoitzaren ostean, gurasoak ere lehiatu dira. Egunari hasiera polita emateko aukera izan da, algara artean denok gozatu baitute biziki jarduerez. Zenbaitek aurreko urteetako bitxikeriak gogoratzeko unea aprobetxatu dute, aurreko edizioetan hartutako ipurdikoak, besteak beste. 

Jarraian, LOZET elkarteko buruhandiak eta erraldoiak gerturatu dira, Jaizkibel plazara. Bertan dantza erakustaldia egin ostean, Andatza Plazara jeitsi dira guraso eta haur mordoa atzean zituztelarik. Bien bitartean, dantza emanaldia eskaini da, enparantza berean. Hainbat talde aritu dira dantzan: Duende, Azabache, Al Alba eta Azahar. Jende mordoa bildu da oholtzaren aurrean, eta euren takoi hotsak imitatuz, txaloka ibili dira eta ahopeka kantatu dute. 

Arratsaldean, bazkari herrikoiaren ostean, non eltzekaria jan duten, bolotan jokatu dira. Norberaren punteriarekin asmatu nahian, emakumezkoek eta gizonezkoek parte hartu dute, bi kategoriatan. Berdinketa asko izan dira, eta finalak, biziki emozionanteak. Txapelketarekin amaitzean, sari banaketari ekin diote. Lehiakide onenei euren oroigarriak banatu ostean amaitu dituzte aurtengo jaiak. Banderak jaitsi eta gorde dituzte, hurrengo aste kulturalari begira, jai giroa txukun eta prest izan daitezen. 

Erlazionatuak

Gogotik ospatzen ari dira Extremadura

Txintxarri Aldizkaria ira 14, 09:45 Kultura