Nortindal Donostiarrak sailkapena gainditu eta Kontxako bandera lehiatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 4a, 11:55

Nortindal Donostiarra, Hondarribiako bandera lehiatzen. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga.

Iritsi da arraunaren hitzordu garrantzitsuena. Aurrekari modura sailkapen saioak jokatu dira, atzo emakumeen lehia izan zen eta gaur, aldiz, mutilena. Atzokoan Orio Orialkik lortu zuen denborarik onena, Enara Arruti herritarra kide duen Nortindal Donostiarra, aldiz, hirugarren izan zen. Beraz, Kontxako banderako bi jardunaldietan herritarrak izango dira lehian nor baino nor bi ontzietan: Donostia Arraun Lagunak eta Nortindal Donostiarra

21 ontzik parte hartu duten atzo sailkapen proban; herenak bakarrik lortuko zuen txartela. Eskifaiek  baldintza gogorrak jasan zituzten itsasora ateratzean; olatu eta haize ufadak ugariak izan ziren.

Orio Orialkik eta Tolosaldeak ez zuten huts egin. Mirotzak izan ziren azkarrenak Zerkausiko tolosarrek ezarritako denbora zazpi segundotan onduta. Hirugarren postua, aldiz, Nortindal Donostiarra ontziak eskuratu zuen.

Ezustekorik ere izan zen. ETE Liga irabazi ostean, indartsu agertu zen Zarautz eta proban bosgarren denborarik onena egin zuen. Tamalez epaileek zigorra ezarri zieten, patroiak irteeran estatxa lehenago askatu zuela ebatzita. Ospakizunetik saminera pasa ziren zarauztarrak eta kontrara, zumaiarrek espero ez zuten sailkapeneko poztasunera.

Zazpi sailkatuen denborak

  1. Orio Orialki 11.42,60
  2. Tolosaldea Arraun Elkartea 11.49,29
  3. Nortindal Donostiarra 11.53.64
  4. Hibaika Jamones Ancin 11.59,90
  5. Hondarribia Bertako Igogailuak 12.02,90
  6. S.D. Astillero 12.04,30
  7. Zumaia Delteco 12.05,90

Era honetara, Euskotren Ligako zortzi ontziak izango dira nor baino nor Kontxako banderan. Sailkapena eskuratu duten zazpiak, gehi Donostia Arraun Lagunak, donostiko ordezkari modura.

Sailkapenaren ostean, hilaren 7ko txandak ere zozkatu ziren eta lehen saioan lehiatuko dira herritarrak kide dituzten ontziak. Horiekin batera izango dira SD Astillero eta Tolosaldea.

Aurreikuspenen arabera, Donostia Arraun Lagunak-ek eskuratuko luke bandera. Baina bi jardunaldi ditugu aurretik eta Orio Orialkik zein Tolosaldeak bere hautagaitza ere aurkeztu dute sailkapenean zein Ligan.