Nagusitasunez irabazitako probak, lehia estuak, hanka sartzeak... denetarik bizi izan du Lugañeneko eskifaiak; Belartietak guztia ontzi barrutik, brankan zehazki eta Goenagak gehiena lurretik.
Hilaren 23an, Ondarroan (Bizkaia) lortu zuen Lugañenek matematikoki liga. Izerdiak bota behar izan zituen, ordea, Aiora Belartieta kide zuen eskifaiak; lehia estua izan zuten Tolosaldearekin eta 44 ehunekoengatik garaipena erdietsi zuen. Horri esker, denboraldiko hamabigarren bandera eskuratu eta sailkapeneko lehen postua ziurtatu zuten donostiarrek.
Eta hurrengo egunean ere bi ontziek eta Orio Orialkik eman zuten ikuskizuna. Hirurak indartsu atera ziren eta ziabogaren ostean, Donostia Arraun Lagunak Tolosaldearekin nor baino nor egon zen. Azken txanpan tolosarrek olatuak ongi baliatuz eraman zuten bandera etxera.
Donostiako eskifaiak ezin izan zuen Getariako uretan txapelketa biribildu, baina ederki ospatu zuen laugarren liga; hirugarrena jarraian. Belartieta herritarrak eta Joana Halsouet patroiak jaso zuten saria. Belartietarentzat hirugarren garaikurra da; Goenagarentzat, aldiz, bigarrena.
Mantentzea jokoan
Enara Arruti herritarra kide duen Nortindal Donostiarrak ontziak, aldiz, bestelako txapelketa lehiatu du. Hondarribia Bertako Igogailuak-ekin jaitsiera zuzena ekiditeko lehiatu da azken jardunaldietan. Ama Guadalupekoaren aurretik amaitu zituen hitzorduak eta eskuratutako puntuei esker, zortzigarren postutik ihes egin zuen Bantxak.
Zazpigarren postuan amaitu ostean, Nortindal Donostiarrak hilaren 21era arte ez dio lehiari amaiera emango; Bermeo eta Portugaleten (Bizkaia) jokatuko diren mailari eusteko bi probak gainditu beharko ditu Euskotren Ligan mantentzeko.
Arrutik denboraldiko jardunaldi gehienetan ezin izan da tostan egon, baina Pobra do Caramiñal (Galizia), Hondarribia eta Zarautzeko bigarren saioan itsasoan izan zen arraunean.
Euskotren Ligako sailkapena
|
Kontxako banderako sailkapena
Bien bitartean, Kontxako bandera lehiatuko da hilaren 7an eta 14an Donostiako badiako uretan. Arraun taldeek horian markatutako hitzordua iritsi da. Aurten araudi aldaketa dela eta, Euskotren Ligako garaile izateagatik, Donostia Arraun Lagunak-ek ez du sailkapen probarik jokatu beharko, Donostiako ordezkaria izango da eta zuzenean Kontxako bi jardunaldietan lehiatuko da.
Horren ondorioz, Nortindal Donostiarrak gaur, hilaren 3an, lehenengo aldiz saio garrantzitsuari egingo dio aurre. 21 ontzi lehiatuko dira 18:00etatik aurrera badiako uretan eta zazpik bakarrik lortuko dute txartela.
A taldean parte hartu du Bantxak. Aurkari gogorrak izango ditu: Astillero, Chapela Wofco, Hibaika Jamones Ancin, Hondarribia Bertako Igogailuak, Orio Orialki, Tiran, San Juan-CMO Valves, Tolosaldea, Zarautz Gesalaga Okelan zein Zumaia Delteco.