Arratsaldeko ekimenen (Porrotx pailazoaren eta Josu Txapartegi Txapas musikariaren emanaldia eta apar festa) aurretik indarrak hartze aldera, 55 bat lagun elkartu ziren Xirimiri elkartean, bapo bazkaltzeko. Beste jaki batzuen artean, hiru emakume sahararrek goizean goizetik prestatzen hasitako kuskus goxoa dastatu zuten bazkaltiarrek.
Otorduaren ostean Andatza plazara joan eta Porrotxen eta Txapasen emanaldi koloretsuaz gozatu zuten bertaratutakoek. Ohi bezala, kantuan eta dantzan aritzeaz gain gogotik barre egin zuten. Ondoren, uda garaian ohikoa izaten den apar festan murgildu ziren haurrak. Zerua lainotuta egonik ere, hotzik ez zuen egin eta jauzika ibili ziren gaztetxoak, ur eta xaboi nahasketa bukatzeraino.
Sahararekin Elkartasuna Lasarte-Oria taldeko kideek jakinarazi dute gustura ibili direla haurrak gure artean (aurreikusi baino hamazazpi egun geroago heldu ziren, bisekin izandako arazoengatik), eta, lotura estuak egin badituzte ere, espero dute Oporrak Bakean egitasmoa gehiagotan aurrera eraman behar ez izatea, horrek esan nahiko baitu euren herrialdean aske eta bakean bizi direla behingoagatik.