Ongietorria egin diete Saharako lagunei

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 21a, 14:15

Ttakuneko udako txokoetako gazteek dantzan, giro atseginean egin diete ongietorria uda Lasarte-Orian eta Donostian igaroko duten haur sahararrei. Udal ordezkariek ere harrera egin diete gero

Uda Euskal Herrian igaro ohi dute Saharako errefuxiatuen kanpamentuetako haur askok, eta horietako batzuk, gure herrian eta baita ingurukoetan ere izango dira aurten. Horiei harrera egin diete Ttakuneko udako txokoetako lagunek, eta baita udal ordezkariek ere. Aurten, bakarrak igaroko du uda Lasarte-Orian, Hassanak, baina egonaldia Donostian egingo duten beste hiru gazte sahararrekin batera (Mohammed, Mahjub eta Mustafa) parte hartuko du Ttakuneko udako txokoetan, eta, beraz, lauei egin diete harrera goxoa lasarteoriatar gazteek. 
 

Okendo plazan Aurreskua dantzatu diete lehenik Ttakun Kultur Elkarteko lagunek, eta baita Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Maite zaitut kantatu ere. Ostean, begiraleak eta gaztetxoak eskuetatik heldu, eta kalejira eder bat dantzatu dute, denek elkarrekin, eta agurrarekin amaitzeko, opari bana jaso dute lau gazteek. 

Udal ordezkarien harrera

Okendotik udalbatzar aretora joan dira gero lau protagonistak; udal ordezkarien agurra jaso dute bertan. 

Agustin Valdivia alkateak hitza hartu du gazte sahararrei ongietorria emateko. Poza agertu die, atzerapenak atzerapen, azkenean herrira etorri ahal izan direlako; egonaldi ona izan dezatela ere opatu die. Gaztelaniaz mintzatu zaie eta Isaak begiralearen (Euskal Herrian bizi den sahararra da) laguntzarekin jakin ahal izan dituzte alkateak esandakoak. Harrera familietako kideak ere bertan izan dira, eta baita EH Bilduko, EAJko eta ELOPeko ordezkari politikoak ere.

Hitzartzea amaituta, erregalu bana jaso dute hiru gazteek alkatearen eskutik; eskertuta agertu dira gazteak. Amaitzeko, talde argazkia atera dute aretoan bildutakoek. 

Erlazionatuak