"Kultur etxera sartu eta mahai bat ikusi nuenean eszenatoki erdian, tela gorri batekin estalita... Santa Anako parodia gogorarazi zidan, eta gerokoak ere bai: prozedura une batetik bestera aldatu, bolak nahasteko bonboa apurtu, bolak lurrera erori... ". Iñigo Otaegiren hitzak dira, joan den astearteko zozketara bertaratu ziren pertsonetako batenak. 1.310ek izena eman zuten eta 500 bat joan ziren ekitaldira.
Sukia enpresako hiru ordezkari, notario bat eta Agustin Valdivia alkatea arduratu ziren zozketa egiteaz. Mugikortasun murriztua duten pertsonei bideratutako lau etxebizitza zozkatu zituzten aurrena, hamar pertsonaren artean. Ondoren, beste 60ak. Orduan, eserlekutik altxa eta hitza hartzea erabaki zuen Otaegik, prozedurarekin zalantzak zituelako, batetik, eta erdara hutsean ari zirelako, bestetik. "Esan ziguten milakoaren zenbakia aterako zutela lehenengo, 0 edo 1. Bat edo bestea ateratzeko probabilitatea berbera da, %50, baina 1.310 pertsona ginenez, milako zenbakia 1 izanez gero 300 pertsona horiek gainerakoek baino hiru aldiz aukera gehiago zituzten". Sistema hori ez zuten hasi aurretik azaldu eta ez zuten dokumentatu, ez idatziz ezta grabatuta ere.
Otaegiren iradokizuna entzun eta gero sistemaz aldatzea erabaki zuten mahaikoek, momentuan bertan. "Ehunekoen zenbakia atera zuten lehenengo, bonboan hamahiru bola sartuta. Berriz ere arazoak egongo lirateke 13 zenbakia atera izan balitz eta ez zuten azaldu zer egingo zuten hala izanez gero, baina, 9a atera zutenez, aurrera jarraitu zuten". Ondoren atera zituzten hamarreko zenbakia eta banako zenbakia, hiru zifrako zenbaki bat osatu arte: 965. Zenbaki hori zuen pertsonari eta hurrengo 59ei egokitu zaizkie aipatu etxebizitzak.
Zozketarekin segi ahala ugaritu ziren jendearen marmarrak, herritarrak gogoratu duenez. Horiek entzutean, Sukiako arduradunek esan zuten legezkoa zela prozedura, notarioak sinatuko zuelako. "Legala izango da, bale, baina justua al da sistema hori? Kultur etxekoaren aurretik zenbat zozketa egin ote ditu Sukiak? Nik uste akatsaz jabetu ziren eta erantzukizuna notarioaren gainean jarri nahi izan zuten". Laburbilduz, Otaegik uste du "inkonpetentzia" erakutsi zutela mahai horretan eseri zirenek zozketa aurrera eramaterakoan. "Duten ardura kontuan izanda, lotsagarria iruditzen zait orain arte ez konturatu izana".
Prentsan eta irratian
Maider Galardi eta Intza Alkain lasarteoriatarrek eman dute gertatutakoaren berri prentsan eta irratian, hurrenez hurren. Lehenengoak atzo argitaratu zuen Eskubideak loterian izenburudun iritzi zutabea Berria egunkarian. "Tragikomedia bat" iruditu zaio zozketa: "Barrez lehertzekoa, egoeraren latza kontuan hartuko ez bagenu". Azaldu du Babes Ofizialeko 60 etxe zozkatu ez, horiek erosteko aukera zela berez jokoan zegoena. Prozedura ere kritikatu du: "Jar zezaketen aukera streaming bidez ikusteko, grabatu zezaketen sikiera gero bideoa ikusi eta mesfidantzarik ez sortzeko... Baina zertarako izan errespetua etxe bat behar duten 1.300 laguni?". Kultur etxean izan zenez, bertaratu zirenetako batzuek esandakoak partekatu ditu Berria-ko irakurleekin: "Hasi da matxinada: 'Etxeak zozkatzen ari zarete urdaiazpikoak direlakoan', esan du batek, eta oholtzara hurbiltzen hasi da jende andana".
Euskadi Irratiko Dida! Gaztea irratsaioarekin kolaboratzen du Alkainek eta horri buruz hitz egin zuen atzo: Etxebide edo Etxepide izenburua jarri zion kolaborazioari. X sare sozialaren bidez erabiltzaile baten kexa jaso zuen, zozketa hori "iruzurrezkoa" izan zitekeenaren abisua, hain justu. Etxebizitza horietarako izena eman ez bazuen ere, lagun batzuekin kultur etxera bertaratu eta zuzenean ikusi zuen gertatutakoa: "Jendearen zurrumurruak, kexak… Sistema aldatu behar izan zuten momentuan, inork ez zekien aproposa zen ala ez; imajinatu anbientea…". Hemen entzun ditzakezue herritarrak atzo kontatutakoak:
Udalak, "zerikusirik ez"
Lasarte-Oriako Udalarekin harremanetan jarri da TXINTXARRI, gertatutakoaren bueltan galdetzeko. Erantzun dio erakunde horrek "zerikusirik ez" duela izan zozketan eta prozesuan: "Sukia Eraikuntzak enpresaren etxebizitza pribatuak dira, Babes Ofizialeko etxebizitzak egin nahi zituzten eta udalari eskatu zioten zozketa egiteko lekua. Auditorioa eskaini zien baina erreserba Sukiak ordaindu du, haiek eskatu zutelako". Zerrendekin ere, antzera: "Zozketako zerrendak Etxebidek kudeatu ditu, eta, beraz, udalak ez du zerikusirik etxebizitzen, zerrenden, zozketaren eta oinarrien kudeaketan".
Agustin Valdivia alkatea zozketara joan zen Sukiakoek hala eskatu ziotelako, etxebizitza horiek udalerrian eraiki dituelako. Azkenik, jakinarazi du "kexa batzuk" jaso dituztela, herritarrek alkatea ekitaldian ikusi zutelako eta etxebizitzak Lasarte-Oriako lurretan daudelako.
Sukiarekin ere kontaktuan jarri da aldizkaria baina oraingoz ez du erantzunik jaso.