Bakailaoa, piperrak eta ostalarien sormena izango dira osagaiak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 23a, 08:00

Aterpeako eta udaleko ordezkariek Arkupe tabernan aurkeztu dute egitasmoa.

Santa Ana egunean pintxo goxoak salduko dituzte Arkupe, Arima, Buenetxea, Herriko Etxea eta Hiru Aldeta ostalaritza establezimenduek, hiru eurotan. 

Udaran zehar beste kolore bat hartzen dute herriko tabernetako terrazek. Aterpeako eta udaleko ordezkariak elkartu direnean Santa Ana eguneko pintxoaren egitasmoa aurkezteko, beteta zegoen Arkupe taberna kanpoaldea. Aipatu egitasmo horretan parte hartuko duten bost ostalaritza establezimenduetako jabeek espero dute larunbatean antzekoa izango dela giroa euren negozioetan, are hobea ez bada. Bezeroak erakartzeko, jaki goxoak prestatuko dituzte bakailaoa, piperrak (gorriak edo berdeak) eta, batez ere, euren sormena erabilita. Elaborazio horietako bakoitza hiru eurotan salduko dutela iragarri dute eta herritarrak animatu dituzte ospakizun egun berezi horrez gozatzera, ez soilik goizetik iluntzera arteko jardueretan parte hartuta, baita parte hartzaileek eskainiko dituzten gutiziak sabeleratuta.

Arkupe, Arima, Buenetxea, Herriko Etxea eta Hiru Aldeta animatu dira pintxo berezi horiek prestatzera. Esan bezala, bihar salduko dituzte, goizetik hasi eta iluntzera arte, establezimendu horietako bakoitzaren ohiko ordutegietan. Aterpeako lehendakari Mabel Pedreirak eta Agustin Valdivia alkateak jarduera horren "harrera ona" nabarmendu dute eta Santa Ana egunaren barruan ekimen "garrantzitsua" dela adierazi dute.

Erlazionatuak

Santa Anara bidea, mokaduz mokadu

Txintxarri Aldizkaria 2024 uzt 21 Gizartea