Santa Anako parodia prestatzen ari dira buru-belarri

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 22a, 10:07

Larunbat honetan urte honetako kontuen errepaso umoretsua egingo dute Okendo plazan, 20:00etatik aurrera, Santa Anako parodian. 60 bat herritarrek parte hartuko dute ikuskizunean: profesionalak ez, amateurrak dira, baina gogoz eta ilusioz izarren pare edo gainetik daude. Kultur etxeko auditorioan elkartzen ari dira sorpresaz betetako gidoia barneratu eta entseatzeko. 

Argiñe Muchasluces Amañategi eta Petri Killo Quiron de Xosak akusatuko dituzte ikasturte honetan zehar makina bat alprojakeria egin izana leporatuta. Ohi bezala, epaitu egingo dituzte eta Basajaunek izango du azken hitza: sutara ala aske kalera. 

Santa Anako parodia 75. aldiz egingo dute aurten eta diamantezko ezteiak ez direnez egunero betetzen, gidoilariek buelta bat eman diote ikuskizunari: musikatua izango da. Bederatzi abesti ekoiztu eta grabatu dituzte aktoreek Aitor Atxega herritarraren estudioan. Emanaldia, esan bezala, 20:00etan hasiko da, Okendo plazan. Eguraldi txarra egingo balu kultur etxeko auditorioan ariko lirateke. Antzezteari ekin aurretik herrian barrena desfilatuko dute aktoreek, Geltoki kaletik abiatuta.